Futbola jainkotzen
Iruditzen zait martetarra naizela, paperik gabeko etorkinen pareko
Badakit datozen hitzek nire ezintasun edo gabeziak salatuko dituztela, zenbat falta zaidan inguru hurbilean gertatzen dena ulertzeko. Baina aitortu nahi dut kosta egiten zaidala futbolaren bueltan sortzen den zalaparta ulertzea. Hori egunerokoan, asterokoan. Zeresanik ez joan den asteburuan Athleticaren inguruan plazaratu den grina. Edo, zehazkiago, zorioneko futbol partida hori gertatu aurreko egunetako zalaparta, tokiko birjinaren bederatziurrenaren antzera, lerro hauek idazterakoan ez baita oraindik partida gertatu.
Badakit, gehienetan, norberaren grinak neurrikoak iruditzen zaizkigula edo, asko jota, pitin bat puztuak. Besteenak, berriz, sarritan neurriz kanpokoak, areagotuak, gehiegizkoak. Zer nahi den, futbolaren inguruan gertatzen dena ez da hemen beste ezeren inguruan gertatzen, ez beste kirol batekin ez edozein kultur jarduerarekin. Beste edozein gertakizunetan bandera bat baino gehiago dago, fisikoki edo metaforikoki, baina futbol kontuetan bakarra eta, gainera, aldaezina, betierokoa. Batek alda dezake emaztea, bizilekua, alderdi politikoa, are erlijioa. Futboleko kolorea, ordea, inoiz ez.
Eta niri enbidia ematen dit. Irabazi daitekeela pentsatzen denean azaltzen den euforia, irabazten denean poz eztandagarri hori, are galtzen denean antzezten den drama erdiragarria, Greziako klasikoen antzezpen dramatikoak umekeria bihurtzen dituzten malko eta negarrak. Neurririk gabeko intentsitate horrek zuzenean enbidia eragiten dit. Ai, Sevillara erromes joaterik izan banu, handikeria horren zati sentitzerik banu, kate luze horren begi sentitzerik banu. Futboleko koloreek, ordea, ez naute hunkitzen, ezin ditut nire sentitu belar gainean baloi batekin lehiatzen diren gaztetxo aberats horien jardunak.
Ikusten dut diputatu bat Madrilgo Gorteetako lehoi bati Athelticen koloreak dituen lepoko bat jartzen, ikusten ditut Bilboko leiho eta balkoiak zuri-gorriz estaliak, dendak, tabernak, autobusak zuri-gorriz apainduak eta irudika dezaket sukar bera zuri-urdinarekin. Eta enbidiarekin batera iruditzen zait martetarra naizela eta ezkutatzen ez banaiz bazterrera bidaliko nautela, paperik gabeko etorkina banintz bezala.
Eta kontatu digute antzeko zerbait gertatu dela Mallorcan, grina bera, zaletasun bera, euforia bera, ia kolore bera. Arrastoren bat utzi behar du erromesengan egun eta ordu horietako elkartasunak, partidaren emaitza edozein dela ere.