Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Bai horixe

Festa egunak

Ez du munduak alferrik jarraitu biraka aitaren garaietatik gaur egunera

Astelehena, 16 urria 2023, 02:00

Comenta

Urtero birritan gogoratzen naiz. Gure aita zenarentzat bazeuden urtero bi festa egun beretzat lanegun arrunt zirenak: uztailaren 18a eta urriaren 12a. Baldin eta irakurle gazteren bat ari balitz lerro hauek jarraitzen, esan dezadan uztailaren 18an gertatu zela Francoren altxamendua eta hari zor diogula festa egun hori, baita uztailan langile gehienek jasotzen duten soldata bikoitza ere.

Egun seinalatu horietan aitak eguneroko arropa janzten zuen, ez jaiegunetakoa eta lanera joaten zen. Enpresa txikitan egin zuen lan bizitza osoan eta azkenetan berak zuen bertako giltza. Bere anaiak berriz, Pasai Antxoko Luzuriaga enpresa handian egiten zuen lan eta egun horietan ezin zuen itxita zegoen lantegira joan. Baina laneko buzo urdina janzten zuen, adiskideekin txikiteoan jarduteko.

Bistan da sinbolotan sinesten zutela eta ez ziren bakarrak izango ezkutuko protesta horretan, baina seguru gutxi batzuk zirela guztira. Baina ez batak ez besteak ez zioten uko egiten uztailaren hamazortzian jasotzen zuten soldata bikoitzari. Gauza bat da protesta sinbolikoa eta bestea platerak janariz betetzeko beharra, alokairua ordaintzekoa eta beste hainbat kontu larri.

Erlijioaren aginduz festa egun zirenen kontra, ordea, ez nien sekula hitzik entzun. Aitak lasai asko janzten zuen jai egunetako arropa ostegun edo ostiral santuetan, berdin tokiko amabirjinaren egunean. Zorigaizto hori ere izan genuen mundu bazter honetan, gerra irabazi zutenek eta galdu zutenek erlijio bera zutela, eliza beraren kide eta menpeko zirela.

Geroztik ezagutu ditut uztailaren 18an eta urriaren 12an lan egiten dutenak, ez omen dutelako egun horietan zer ospatu. Egon egongo dira, baina ez dut festa erlijiosoetan ospatzeko ezer ez duela pentsatu eta lanera joaten den inor. Ez du munduak alferrik jarraitu biraka aitaren garaietatik gaur egunera.

Gaurko gazte askori eta ez hain gazteri aipatzen diezu uztailaren 18a eta ez zaie argi mingarri bat pizten burmuinean. Era berean, ez dakite festa eguna zor dioten saindua edo amabirjina nortzuk izan ziren. Dakitena da azaroaren bata festa eguna dela edo aste santua oporretarako data dela. Eta horixe besterik ez zitzaien falta, jai egunei uko egitea, legeak agintzen duen baina lan egun gehiago izatea.

Eta hor jarraitzen du gure agintari askok eliza katolikoarekin bat egiten, Francoren garaian bezalaxe, aginte zibila eta erlijiosoa nahastuz, beti erlijio beraren mesederako.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Festa egunak