Diruaren hotsa
Edonork irabazten duela ere, bezerook eta banketxeetako langileak izango gara galtzaile
Horrela nuen ikasia: 100.000 milioi izar ditu gure galaxiak, 100.000 galaxia unibertsoan. Orain, Wikipediak esan dit 200.000 milioi izar dituela gure galaxiak eta 2 bilioi (ez milioi) galaxia daudela unibertsoan. Dena den, kontaezinak izateaz gain, zenbaki ulertezinak. Hamaika izar unibertsoan, esan dezakegu, kopurua arrotz zaigulako eta haien artean, gure harri koskorra igeri zeruan.
Egunotan hedabideetan dagoen bi bankuen arteko borroka bezalaxe. Eztabaidan dauden zenbakiak unibertsoarenak bezain ulertezinak dira niretzat eta, seguru, irakurle gehienontzat. Zorabiagarria da zero kopurua, edozein irakurle atzera botatzeko modukoa. Eta, bitartean, gero eta bulego gutxiago kaleetan, gero eta kutxazain automatiko gutxiago, gero eta langile gutxiago banku eta aurrezki kutxetan, gero eta zailtasun gehiago bezeroontzat.
Gaztetxo nintzenean jomuga hori, ia amets hori zuten nire inguruko familiek beraien seme-alabekiko: banketxe batean lan egin zezatela eta, ahal bazen, aurrezki kutxa batean, bertako langileek gehiago irabazten omen zutelako. Ondo ordaindutako lanpostuak, seguruak, are betierekoak, garbiak, jubilazio ona segurtatzen zutenak... eta ondo ikusiak. Guraso batek esaten bazuen alaba, batez ere semea, banketxe batean lanean hasia zela, esaten zuen halakoa kolokatu egin zela. Kolokatua zegoen ere denda batean lanean ari zena, baina ez lehen kategoriako enpleguan.
Seguruenik, ni gaztetxo nintzenean banketxe batean lanean hasi ziren haiek bete zituzten gurasoen helburuak, erretiratu ondorengo soldata barne, baina ez gerokoak. Aspalditxoan ez da betiko lanpostua bankuetakoa. Orain, seme-alabentzat etorkizun segurua nahi duten gurasoek administrazio publikoa dute helburu, hor ikusten dutelako benetako betikotasuna.
Teknologiari esker puztu dituzte irabazpenak banketxeek. Batetik, etekin gehiago ateratzen diotelako bertako langile bakoitzari eta, bestetik, guztiok bilakatu gaituztelako aldizkako langile, guk egin behar ditugulako lehen bertako langileak egiten zuena.
Hor ari dira borrokan banku bat eta bestea, bakoitzak bere zaleak txaloka dituela eta gu, zu eta ni, irakurle, ikusle huts gara, erdi aroko zaldun guduetan bataren edo bestearen alde oihu egiten zuen ikuslea nola. Segurtasun bakarra dugu bezerook: edonork irabazten duela ere, gu eta bertako langileak izango gara galtzaile. Munduak horrela funtzionatzen duelako.