Aste ez hain santua
Gaur prozesiorik jarraituenak errepideetan gertatzen dira, autoz
Aspaldian, aste santua derrigorrez, ezinbestean, halabeharrez Santua zenean, debekatua zegoen sakratua ez zen musika guztia, irratian nahiz zuzenean; zinemetan (zabaltzen zituzten zinema gutxietan) santuen inguruko filmak jartzen zituzten; salbuespen ziren etxeko Aste Santua baztertu eta hura bezain Santu zen beste bat ikustera zihoazenak; eta ez dut jarraituko giro hura gaur beldurrezko filma dirudielako.
Broma gutxi Aste Santuarekin sasoi hartan. Ia edonorentzat, gurean behintzat gerra zibilaren bi aldeak, garaileak nahiz galtzaileak, erlijio bereko kide zirelako. Bata bestearen aldamenean desfilatzen zuten prozesioetan, jainko beraren heriotza eta berpizkundea ospatzen zuten elizetan, aitorleku berean prestatzen zuten arima Pazko egunerako. Ez zegoen ihesbiderik, ez kalean ez etxean. Santutasuna antzeztu egin behar zen egun horietan, dolutan blaitutako zintzotasuna..
Ez dira erabat desagertu garai hartako prozesio ugariak. Batzuk bizirik daude oraindik lurralde honetan bertan. Sasoitsu batzuetan, gero eta gizon fededun gutxiagorekin beste hainbatetan, prozesiotan emakumeen presentzia onartzeraino. Baina bizirik dauden prozesio horietan ere giroa aldatu egin da, arindu, antzezpenetik duena nabarmen azalduz.
Gaur prozesioak errepideetan gertatzen dira gehienbat, autoak hartu du txano puntadunen lehentasuna. Hori da gaur aste honen ezaugarririk nabarmenena, mugimendu gurpilduna, bertakoak kanpora, kanpokoak hona. Baina kanpotarrek ez dute bizkarrean pausorik eramango, ez diote kandelei eutsiko. Kanpotarrak ikusle huts izango dira edo, zehazkiago, argazkilari huts, beti telefonoa eskura.
Eta ostegun, ostiral eta larunbat santuaren ondoan, Kristoren Berpizkundearekin batera, Aberri Eguna dator. Esan daiteke ospakizun horri aste santuari gertatu zaionaren gauza bera gertatu zaiola, letra larriak galdu dituela. Modu pribatuan ospatuko du askok, ia-ia duela mende erdi egiten genuen bezala. Gurean amak esaten zigun Berpizkunde igandean aitari zorionak opa behar genizkiola eta guk agindua betetzen genuen, zorionak, aita, jakin gabe ze ospakizun zetorren aitarentzat mundu guztiak ospatzen zuen Berpizkundearekin batera.
Egunotan alderdi batzuk ospatzen dute Aberri Eguna, nork bere erara, baina iruditzen zait oso militanteek egiten dutela hori modu publikoan. Azken batean, pazko astelehena festa da gurean eta Oporrak dira orain maiuskula dutenak.