Ez da arrazakeria
Ez gara arrazistak, ez gara matxistak, askatasunaren defenditzaileak baizik
Bizkaiko herri batean adin txikikoak babestuko lituzkeen egoi-tza jarri nahi dute abian eta herriaren zati esanguratsu bat kontran azaldu da. Ezetz eta ezetz, ez ... dituztela herrian bakarka dauden adingabeak nahi. Baina herria ez dela arrazista, ez dutela ukapen hori arrazakeriak bultzatuta hartzen, bertan biziko diren gazteen gehiengo zabala, ez bada osotasuna, magrebtarrak izango direla jakin arren eta egoitzaren kontrako ordezkari batek norvegiarrak nahiago lituzketela adierazi arren. Kontuz, bozeramaileak ez du azalaren kolorea aipatzen, jatorrizko herrialdea baizik. Norvegia versus Maroko. Arrazakeriaren arrastorik ez.
Eta nik sinesten diet. Demagun jauregi horretara adingabe bakartu horien ordez Arabiako jeke bat datorrela bizitzera, emazte eta zerbitzari ugari barne, guztiak arabiarrak. Egoitzak gehienez jota 30 adingabe babestuko omen ditu. Bada emazte, seme-alaba eta zerbitzariak hogeita hamarretik gora izango lirateke, emakumeak goitik behera soineko beltz batetan bilduta ibiliko lirateke eta Mekari begira errezatuko lukete.
Bada, seguru, horien kontra ez lukete ezer, alderantziz, ongietorria emango liokete jekeari. Txin-txin, txin-txin, diruaren hotsa. Horrek esan nahi du ez daudela arrazari begira, diruari baizik. Pobreen, behartuen, baztertuen kontrako jarrera da eta horrek kontrakotasuna zuritzen du, ez du hainbeste lotsa ematen, ez dago hain gaizki ikusia. Naturala dirudi, nahiago aberatsak pobreak baino. Arrazakeriaren arrastorik gabe.
Berdin gertatzen da Gipuzkoako herri batzuetan emakumeoi herriko festen erpin diren alardeetan parte hartzea debekatzen zaigunean. Ez omen da matxismoa, inolaz ere. Tradizioarekiko errespetua zen lehen eta orain askatasunaren adierazpena. Estatu Batuetatik, Madriletik jotzen du askatasun haizeak. Libre gara debekua mantentzeko, are gehiago, debekuaren kontra daudenak zerbait inposatu nahi dutela adierazteko, askatasunaren kontrakoak direla azpimarratzeko. Adingabe bakartuak inposatu nahi dizkigute, parekidetasuna inposatu nahi digute.
Agian norbaitek pentsa dezake jarrera horiei darien zerak 'keria' atzizkia merezi duela. Kaltetuei galdetzen bazaie ez dute zalantzarik izango. Kaltegileak, berriz, ukatu egingo dute bazterkeria edo askatasunez mozorrotuko dute. Gu ez gara arrazista, gu ez gara matxistak, askatasunaren defenditzaile sutsuak baizik. Gora baztertzaile izateko eskubidea.
¿Tienes una suscripción? Inicia sesión