Antzarak zeruan
Zergatik hunkitzen naute antzarek amuari helduko dioten korrokoiek baino gehiago?
Aste honetan ikusi ditut etxetik antzarak zeruan, iparretik hegoaldera zihoazen bitartean, karakan lainoen azpitik, uve garbia marrazten Txingudi badiaren gainetik, bertako paduraren bila. Hegaztien erabakitasun dotoreari begira aspaldiko kontu bat etorri zitzaidan gogora, duela hamarraldi gutxi ikuskizun beraren inguruan irratian niri gertatutakoa.
Behin, irratian lanean ari nintzela aipatu nituen antzara migratzaileak eta esan nuen lurretik haiei abisu bat bidaltzeko gogoa sentitu nuela: kontuz, zoazte itsaso aldera, lehorrean ehiztariak zain dituzue eta. Huskeria bat, animaliekiko sentsibilitate gutxi duen norbaitek arinki esandako zerbait, zertan ari nintzen botatako esaldia, agian oraingotasunari pisua kentzeko asmotan.
Esan dezadan sasoi hartan orain nonahi dauden sare sozialak hasi berriak zirela eta ez zutela inondik ere gaur duten boterea. Bada dozenaka kexu heldu omen ziren telefonoz nahiz idatziz irratira, batzuk ni irrigarri utziz, beste asko haserre, bakarren bat mehatxu doinuz, gehienak ehiztari anonimoek bidaliak, bakarren bat elkarte baten izenean. Ez zitzaidan inoiz halakorik gertatu, ezta politika kontuekin ere eta hori askotxo da sasoi hartako egoera politikoa zena zelako.
Eta koldartu egin nintzen, batez ere etxetik hurbil kamuflajez jantziak mendira zihoazen ehiztariak ikusten nituenean. Pentsatzen nuen haietako bat izan zitekeela irratira mezuak bidali zituenetako bat eta oldartu egingo zitzaidala aurrez aurre, ez tiroz, noski. Handik aurrera, kontuz, esaten diot neure buruari, ehiza aipatu aurretik, azken batean bazterreko gaia da gehienontzat. Ez zapaldu putzu hori.
Eman dizkiot kontuari buelta batzuk eta ikusi ditut neure kontraesanak: paseoan itsasertzetik noanean ez zait bururatzen arrainei antzeko abisua bidali diezaiekedanik, arrantzaleak zain dituztela kanabera prest, amuak zorrotz. Zergatik hunkitzen naute antzarek korrokoiek baino gehiago? Zergatik ez diot inolako galderarik egiten neure buruari arraia jaterakoan eta bai urtean behin usakumea saltsan jaten dudanean?
Agian antzarak ikusten ditudalako eta korrokoiak ez. Edo agian poesia kutsu bat ematen diedalako zeruko animaliei, ez uretakoei edo batzuk tiroz akabatzen dituztelako eta besteak sare baten bidez edo beitaz hornitutako amuari esker? Auskalo, gauza da ez dudala kontatuko aste honetako antzarei edo datorren astekoei abisua bidaliko diedan ala ez.