Adinak ez du errurik
Bentaja hori zuten aurreko belaunaldiek, ez ziren zahartzeaz lotsatzen
Ez da beti horrela izan, betikotzat ditugun kontu guztiekin gertatzen den bezalaxe. Betikoa ez, aspaldikoa bai. Joan den mendearen hirurogeien hamarraldiaren bukaeran zabaldu zen orain ... eztabaidaezina den eredua: bizitzaren gailurra ez dago helduaroan, gaztaroan baizik. Inor gutxik jarriko du zalantzan gaur gaztaroak duen ospe izugarria.
Iturburu hori dute gaur egungo jokaerarik zabalduenetako batzuk. Onartu genuen gazte izenondoa merezi duen guztia onuragarria dela eta zahar hitza aldamenean duena, txarra, kaltegarria, lotsa eragiteko modukoa. Hori bai ez dela betikoa, zahartzeak eragiten digun lotsa, dugun adina ezkutatzeko ahalegin zoroak egitera eramaten gaituena.
Norbaitek lore bat bota nahi baduzu, ez du axola zergatik, esango dizu zure itxurak zure nortasun agiriak dioena ukatzen duela, askoz gazteago dirudizula, edo esango dizu zaharra zarela, baina zure burmuina gaztea dela. Horrelako zerbait gertatzen zaidan bakoitzean, une hartako tenorearen arabera, hasperen bat bota eta isiltzen naiz edo erantzuten dut ezetz, nire burmuina nire gorputza bezain zaharra dela, eta horrek ez nauela baliogabetzen.
Gutxienez bentaja hori zuten aurreko belaunaldiek, ez zirela zahartzeaz lotsatzen, ez zutela itxura gaztetzeko gaur adina ahalegin egiten. Harro esaten zizuten ze adin zuten. Behintzat, hori kontatzen dit memoriak. Paradigma aldatu zen arte. Orain, nekez ikusiko edo entzungo duzu itxura gaztetzen inolako ahaleginik egiten ez duen norbait.
Hor dago Biden, mundu osora zabaldu den eztabaida baten erdigunean. Hauteskunde giroko eztabaida batean motel egon zela, zalantzati, tarteka noraezean eta horrek guztiak hankaz gora jarri du gizonaren gaitasun osoa. Agian, horrekin batera, hausnarketarako gaitasun handia du, jakinduria nabarmena, besteek ikusten ez dituzten ñabardurak hartzen ditu kontutan erabaki bat hartu baino lehen. Ez dakit. Baina krudela eta bidegabea iruditzen zait, guztiz, bizitzen ari dena, bereziki bere arerioaren jarrera. Nik hamaika aldiz nahiago Biden zalantzatia Trump astakirten lotsagabea baino.
Bidenen balizko ajea ez da adina, ustezko hondatze mentala baizik. Era berean, Trumpen etikarik ezaren erantzukizuna ez da adinarena, betidanikoa baizik edo, gutxienez oso aspaldikoa. Auskalo zer gertatuko den Bidenekin. Seguru da, ordea, aurrerantzean ere gazte eta on elkarlotutako hitzak izango direla, zahar eta txar bezalaxe.
¿Tienes una suscripción? Inicia sesión