Aberastasunaren bila
Aberatsen artean aberatsenek egiten duten horrek segida du beherago
Ez dakit kontu korrontean zenbat diru izanda sentituko nintzatekeen toki benetan seguruan, noiz pentsatuko nukeen ez dela zerumugan laino beltzik ikusten. Ingurura begiratzen badut, hedabideetan ... ikusten dudana kontutan izanda, agian inoiz ez. Hor ditugu aberatsago izan nahi duten aberatsak, gainerakoontzat soldata duina baino haratago doan zerbait jaso arren, gehiago lortzeko edozein tranpa erabiltzen dutenak.
Ez dakit noiztik aurrera den bat aberats, zenbat milioiren jabe izan behar duzun aberats izateari uzteko beldurra uxatzeko. Agian ez da inoiz beldur hori galtzen, ezta ere kontutan izanda gaurko aberats gehienenak familia aberatsetan sortuak direla, aberatsez inguraturik. Txikitan esaten ziguten zenbat eta diru gehiagoren jabe izan, orduan eta aberastasuna galtzeko beldur handiagoa. Pobreen kontsolamendurako argudioa, bizitzak gezurtatutakoa.
Beste mundu batean bizi dira aberatsak, ez beste kontinente batean, baina aberatsen artean aberatsenek egiten duten horrek segida du askoz beherago. Jeff Bezosen ezkontzak sei egun irauten badu, kontatu didate asko zabaldu dela hemen ezkontza bizpahiru egunetako festa bilakatzeko joera: bezpera, ezkontzaren eguna eta biharamuna, ez Venezian, baina ezta norberaren etxean ere eta hori elizan nahiz epaitegian ezkontzen direnen artean.
Trumpek bere boterea zenbaki gorritan ez dagoen kontu korrontea loditzeko baliatzen duela? Bada hor daude alderdi politiko batzuetan diru publikoa beraien kontu korrontera desbideratzeko iruzur egiten duten politikariak. Kopuru finko bat lortu nahian edo mugarik ez duen aberastasunera heltzeko asmoz? Auskalo. Agian diruzalekeria hutsaren eraginez, egarririk gabe edaten duenaren modura. Hori bai, sekula harrapatuko ez dituztelakoan.
Ez dira etxeko errenta ordaintzeko arazoak dituztenak, ezta jan ahal izateko era guztietako laguntzak behar dituztenak ere. Baina, nonbait, ez dagokigun dirua eskura ikusten dugunean, askok ezin dio diru horren zati edo zatitxo bat poltsikoratzeko tentaldiari eutsi. Omenka ari naiz, ez baitut sekula aukera hori izan eta adiskide batek esaten duen bezala, ez dakit zer egingo nukeen ataka horretan, jakin badakidana da zer egin beharko nukeen egoera horretan.
Demagun ezin diola inork tentaldi horri eutsi, ilargiak lurraren erakarpenari ihes egiterik ez duen bezala. Orduan salbabidea ez da etikoa, zigorra baizik, zigorraren beldur hutsa. Tristea irtenbidea.
¿Tienes una suscripción? Inicia sesión
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.