Antoñito Arantzazun
BAI HORIXE ·
Antoñito oinez igo zen Arantzazura 1962ko udan, pazientziarik ez-eta Oñatin autobusaren zain egotekoDuela hamar urte, 2012an, larunbatez egokitu zen gaurko eguna, irailaren 15a. Biharamunean, 'Antoñito vuelve a subir a Arantzazu' izenburuaz zetorren, egunkari honetan, Felix Ibargutxi kazetariaren erreportajea, bezperan Arantzazun gertatuaren berri jasoz.
Izan ere, 2012ko irailaren 15erako ekitaldi bat antolatu zuten Arantzazuko Adiskideek eta Arantzazu Gaur Fundazioak, Lucio Muñozen absidearen 50. urtemuga ospakizun. Eta bertara bildu ginen jakinminez. Ordurako hilak ziren bai Lucio bera eta bai bere emazte Amalia Avia ere. Baina bagenekien Arantzazun izango zirela bi artista haien semeak eta Antoñito, Antonio Lopez (Madril, 1936) pintore ospetsua eta Lucioren lagun mina izana.
Bi liburu irakurri berri hartu nituen Arantzazura eramateko. Bata, 'De puertas adentro. Memorias', Lucio Muñozen alargun Amalia Aviak idatzia (2004), Luciorekin bizi izandakoa berrituz. Bestea, 'El conejo en la chistera', Lucio Muñozen hainbat idatziz seme Rodrigo idazleak osatua (2006). Biak ezin egokiagoak, Lucioren ibilbide artistikoa eta pertsonala barrutik ezagutzeko, baita Arantzazuko absidean utzitako artelana hobeto ulertzeko ere.
Pasarte polita dakar Amaliaren liburuak: nola, 1962ko udako egun batean, Antoñito azaldu zitzaien izerditan. Oinez igo zela Arantzazura, pazientziarik ez-eta Oñatin autobusaren zain egoteko. Eta absideko aldamioetara igo zela, artista lagunak agurtzera. Eta, ezin geldirik egon eta, absidearen zati bat pintatu zuela hark ere.
Duela hamar urte, irrikaz abiatu ginen artista haien nondik norakoa eta zer-nolakoa bertatik ezagutzera. Ez zi- tzaigun damutu joan izana. Ekitaldiaren funtsa, ezin hobeto jaso zuen Felix Ibargutxik erreportajean. «Antonio López cautiva en los actos por los 50 años del mural de Lucio Muñoz», idatzi zuen azpitituluan.
Bai, 'cautivar'. Horixe da hitza. Aho-zabalik entzun genituen Antoñitoren hitzak. «Lucio recuperó lo religioso desde la reverencia ante la Naturaleza. Como el hombre primitivo, que sentía el cosmos desde un sentimiento primigenio».
Irteeran, 'De puertas adentro' jarri nion eskuetan Rodrigo Muñozi, zerbait idatz zezan. Gero, 'El conejo en la chistera' liburuaz joan nintzaion Antoñitori, lehen orrialde zuria zabalik. Zein ederrak bien hitzak!
Pozik itzultzen gara Arantzazura, natura gozatu eta naturaz haraindikoa eta honaindikoa sumatzera.