Sokatira neurketa
50 urte daramatzagu zer behar dugun esaten, baliabideakjartzen, eta etorkizuneko eszenatokiak amesten
Bihar, azaroaren 20an, Franco hil zen egunaren 50. urteurrenean, Tolosako udaletxean, hiru finantza entitate handik eta UEMAko 59 udalek datozen lau urteetarako hitzarmena sinatuko dute, hain zuzen ere, UEMAko udaletako finantza bulegoetan, finantza zerbitzua, euskaraz emango dela bermatzeko.
Ez da finantza entitateen eta UEMAren artean sinatzen den lehenbiziko hitzarmena. Eta finantza entitateak ere ez dira euskara sustatzeko planetan atzo hasitakoak. Ibilbide luzea egindako entitateak dira eta, biharkoan ere, euskal kulturaren eta bezeroen hizkuntza eskubideen alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsiko dute.
Finantza-etxeak pozik agertuko dira, ordura arte egindako lanarekin jarraitzeko urrats bat gehiago ematea dakarrelako hitzarmen berria sinatzeak. Erronka bat delako UEMAko udalekin, zeinetan herritarren gehiengoa euskaraz bizi den, euskaraz aritzeko konpromisoa hartzea. Tankera honetako hitzarmenek finantza sektorea erreferente bilakatzen dutelako bezeroekiko duten harremanetan euskaraz aritzeagatik. Eta euskaraz bizi diren herrietako biztanleekin euskaraz aritzeko ohitura lantzea dutelako helburu.
Bihar, bada, finantza etxeek eta 59 udalerrik hitzarmen berria sinatuko dute. Elkarrekin bidea egin duten seinale. Bidea egiten jarraitu nahi dutela erakusten duen keinu berria izango da biharkoa ere.
Keinu hori, ostera, eskaera berri bat egiteko baliatuko nuke nik. Zeren eta erakundeek baliabideak jartzen dituzte: hitzarmenak, politikak, irizpideak, neurketak, jarraipen bilerak... Baina urratsak pertsonek ematen dituzte: bulegoetako langileek eta bezeroek, kasu honetan. Egunero, urratsak ematen dituztenak, harremanak euskaraz bideratzen dituzten herritarrak dira.
Bada, pertsona horiei guztiei eskatu nahi nieke (langileei eta bezeroei), erakundeen aurretik joan daitezela. Euskaraz bizi daitezela, besterik gabe. Eurak euskaraz bizi badira, erakundeek ere, euskaraz bizi beharko dutelako. Eurak euskaraz bizi badira, erakundeek ere, egokitu egin beharko dutelako.
50 urte daramatzagu zer behar dugun esaten, baliabideak jartzen, eta etorkizuneko eszenatokiak amesten.
Biharkoa izango den data esanguratsuan, aldarrikatu dezagun, 50 urte ondoren, amestutako eszenatoki horretara atera eta sokatira saioa egiteko unea heldu dela. Bizi dugun tentsioa neurtzekoa.
Soka tenkatuta eta bizirik egongo bada, ordea, bi aldeek egin behar dute tira. Ez baliabideak jartzen dituztenek bakarrik.