Belaunaldien arteko arrakala
57 urtetik gorako inkestatuen %40ak ez du gazteekinkonektatzen
Hainbat hamarkadatan pentsatu izan da, denboraren igarotze orok, eboluzioa dakarrela eta, beraz, aurrerapena, ongizate material gero eta handiagoa lortzean datzala. Gaur egun, paradigma hori zalantzan dago, batik bat, hainbat faktorek, egungo belaunaldien potentzialtasunen hedapena mugatu eta etorkizunekoak baldintzatzen dituztelako: etxebizitza, lan-prekarietatea, klima-aldaketa, biztanleriaren zahartzea, ongizate-estatuaren krisia, nahi gabeko bakardadea... Belaunaldi berrien kezka argia da: etorkizunean, agian baliabide gutxiagorekin, karga handiagoei aurre egin beharko diete.
Duela gutxi, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako proiektu interesgarri baten ondorioak jakinarazi dira: BIBE—Bizitza Berria eta Betea proiektuarenak. 57 urtetik gorako pertsonei egindako inkestetatik bi ondorio deigarri atera dira. Bata, gure seme-alabek zainduko gaituzten ideia desagertu egin dela. Eta, neurri batean, belaunaldi helduek hala nahi dutelako, gipuzkoarren %70ak adierazi baitu beren familiek zahartzaroan laguntzea nahiko luketela, baina zama izan gabe.
Eta bigarren ondorioa, nire ustez kezkagarria dena, belaunaldien arteko harremanetan porrot sentimendua dagoela egiaztatzea da. Datu horren arabera, inkestatuen %40 urrun sentitzen da gazteriarengandik; hau da, adineko jendeak «ez du konektatzen» gazteekin.
Egoera honen aurrean, diagnostikoak egin, iritziak alderatu eta proposamenak eztabaidatu behar da. Adituak, kudeatzaileak eta gizarte zibila elkarrekin lanean jarrita, dagoeneko ate joka daukagun etorkizuneko beharrei erantzuten saiatu behar da.
Lotura hori berregiteak eta belaunaldien arteko elkartasunean oinarritutako gizarte bidezkoago, inklusiboago eta iraunkorrago bat ahalbidetzeak alde guztien konpromisoa eskatzen du: elkarrizketa eta entzutea, etorkizunerako proiekzioa eta orainaldiko ekintza eskatzen ditu.
Adituak, kudeatzaileak eta gizarte zibila elkarrekin lanean arituz, ondoko gai hauek landu behar dira: erantzukizun kolektiboa, gaurko ongizatetik abiatuta, biharkoa posible egiteko; belaunaldien arteko elkartasun printzipioa, politika publikoak eta gobernantza egiturak praktikan jartzeko; eta, narratiba partekatuaren beharra.
Komunitate kohesionatu eta justu bat eraikitzeko, behar beharrezkoa da belaunaldien arteko komunikazioa areagotzea eta legatu duin eta iraunkor bat transmititzea. Eta, horretarako, ezinbestekoa dugu, etorkizuneko ikuspegi partekatua eraikitzeko gai izatea.