Abenduak 19 eta 20
Arteak arrazoiarekin bakarrik ulertzen ez diren ateak irekitzen ditu
Eusko Ikaskuntzak, atzo, erakundearen Donostiako egoitza nagusian prentsaurreko bat eskaini zuen euskal herritarron agendetan bi data gordetzeko proposatzeko: abenduak 19 eta 20. Eusko Ikaskuntzako ordezkariez gain, prentsaurrekoan parte hartu zuten, besteak beste, Ana Lopezek, Donostiako kultura zinegotziak eta, Yosu Arraizek, Gipuzkoako Foru Aldundiko estrategia zuzendariak.
Izan ere, Euskal Herriko hiri guztietan barrena aritu ondoren, abenduaren 19an eta 20an Donostiara helduko baita 'EzBerdin Berdinak' ikuskizuna eta bi egun horietan eskainiko da Tabakalerako patioan, arratsaldeko 19etan.
Eusko Ikaskuntzak Kukai Dantza Taldearekin sortutako 'EzBerdin Berdinak' proiektua hausnarketara bideratutako ikuskizun artistiko-soziala da eta euskarak eta euskal kulturak gizarte kohesioan duen rolaren inguruko eztabaida hirietara eramatea du helburu. Adituen foroetatik atera eta bizipenaren eta herritarren topaketaren eremura ekarri nahi ditu ondoko hiru galdera hauek: Zer esan nahi du euskaldun izateak gaur egun, eta bihar? Nola bizi dugu aniztasuna? Eta, zein rol jokatzen du euskarak sormenaren eta gizarte-kohesioaren arloan?
Galderok sakonak badira ere, proposatzen den ikuskizunak oso modu arin eta erakargarrian azaltzen, sentiarazten eta zabaltzen ditu mezuak, elkarrizketarako bideak modu naturalean eskainiz. Ikusleak ez du ohiko moldean ikusiko ekitaldia: zutik jarraituko du ikuskizunaren garapena, espazio ezberdinetan sortzen diren elkarrizketa-dinamika desberdinen artean, eta artistekin batera mugituz. Eta ikuskizunaren ostean, hausnarketa partekatzeko espazioa irekitzen da mokadu baten bueltan, erosotasuna baliatuta, elkarren arteko ulermena eta entzutea sustatuz.
Ikuskizun honen bidez, Eusko Ikaskuntzak sentitzera gonbidatzen gaitu. Pentsatu aurretik, sentitzera. Eta, ondoren, sentitutakoa hitzetara eramatera, elkar entzutera eta errespetuz, ideiak kontrastatzera eta partekatzera. Parte hartzea bezain baliotsua baita entzutea eta aniztasunari bide egitea.
Ikuskizun honetan, Eusko Ikaskuntzak, Kukai Dantza Taldearekin elkarlanean, 'artea'« elkarrizketa publikoaren zerbitzura jarriko du. Bai baitaki, artea gizarte-eraldaketarako giltza dela, arrazoiarekin bakarrik ulertzen ez diren ateak irekitzen dituena.
Eusko Ikaskuntzak etorkizuneko euskaldun garela sentitzeko parada eskaintzen digu, hau da, inola ere galdu beharko ez genukeen hitzordua.
Jaso dituzu zure agendan datak, jada, esperientzia honen parte izateko?