Ahobero
Bai horixe ·
Eskerrak umorea gelditzen zaigun. Umorea omen da, besterik ezean, honelakoetan har dezakegun txertorik osasuntsuenaEta, bat-batean, duela hogeita bost urteko bertso-mundu bizi hartara eraman naute Estatu Batuetako albisteek.
Zarauzko ikastolako bertso-eskolan, Ahobero izena jarri genion geure irudimenez asmatutako bertsolari bati. Bukaera jakineko bertsoak kantatzen zituen harroputz hark: «Ni baino gizon azkarragorik / ez da izango munduan». Eta antzekoak. Beti ahoberokeriak kantatzen, neurri handiko bertsoetan.
Bagenituen beste bertsolari batzuk ere. Adibidez, Desiderio Lalala. Edo Xeru eta Ea Mea. Bakoitzak zuen bere izaera, eta bakoitzak bere izaeraren araberako bertsoak kantatzen zituen, irudimenezko bertso-mundu hartan. Kontua zen denok jolas egitea eta, bertsolari horien baitan sartuta, horiek bezalako bertsoak kantatzea bat-batean. Jolasean ikasten zuten neska-mutilek bertsotan egiten.
Gaur, tarteka gogorarazten dizkidate irudimenezko bertsolari haiek. Ahobero aitatzen dute gehien. Haren antzeko bertsoak izango ziren, nonbait, asmatzen errazenak eta barregarrienak.
Ahoberori, ordea, ez genion aurpegirik jarri. Bakoitzak geure erara irudikatzen genuen. Gaur, agian, Donald Trump handiustearena jarriko genioke. Ez genuke oso zaila izango asmatzen nola bukatuko zituzkeen bertso arranditsuak: «Hau baino birus kaxkarragorik / sortu ote da sekula?» edo halatsu.
Baina –inoiz ez da jakiten non amai-tzen den fikzioa eta non hasten errealitatea– hara non CIAko agente batzuek bertsotan harrapatu dituzten bi koronabirus. Puntuka ari omen ziren, Ahobero Txit Gorenari desafioka. Bata, Xeru bezala: «Hemen ere isilik / lan egin dezagun». Eta bestea, Ea Mea eredutzat hartuta: «Ea ahobero hau / menderatzen dugun». Eta CIAko agenteek konspirazioaren berri eman Trump jaunari. Eta Trump jaunak, jakina, lanetik bota agente kaiku haiek.
Baina azkenean zer gertatuko, eta bi koronabirusak benetakoak zirela eta benetan ari zirela. Eta Ahobero Txit Gorenak ahoa zabaldu duen batean –inoiz ixten ote du?–, hor sartu zaizkiola zomorroak gorputzera. Eta denbora gutxi behar izan dutela, nonbait, haren izaeraz kutsatu eta hamarreko nagusian bertsotan hasteko. «Hau baino ume kaxkarragorik / izan ote da munduan?».
Eskerrak umorea gelditzen zaigun. Umorea omen da, besterik ezean, gainezka egiten diguten egoeretan har dezakegun txertotik osasuntsuena. Hala ikasi berri nion maisu zuhur bati. Eta hura ez zen ahoberoa gero!