Borrar
Urgente Largas colas en la AP-8 y la GI-636 en dirección a la muga

Abenduan

Bai horixe ·

Bizi dezagun egunero Eguberria, dena datorren 25erako utzi gabe. Egunero baita Eguberri

Osteguna, 2 abendua 2021, 07:03

Comenta

Eta tarteka, zurrunbiloaren zurrunbiloan, burua doi-doi dugula uretatik kanpo, hor egiten dugu topo ohol tzar batekin. Ohola, auskalo nongo eta noizko naufragiotako hondakin; gu, gaurko hondamendiaren naufrago. Eta, oholari helduta, pixka batean arnasa hartzeko moduan gara.

'Abendua' hitza izan daiteke ohol horietako bat. Egutegiaren azken hilabetea izendatzeko erabiltzen dugu. Eta badakigu zer hitz duen jatorrian: gaztelaniazko 'adviento' edo latinezko 'adventus'. Badakigu, gainera, 'etorrera' esan nahi dutela bi hauek, eta Elizak erabiltzen dituela garai jakin bat izendatzeko: Eguberri jaien aurrekoa, Jesusen jaiotza –etorrera– prestatzeko jarria duen garaia.

Eta agian, zurrunbiloaren zurrunbiloan, beste zerbait ere ikasiko dugu. Esaterako, greko hizkuntzako 'parusia' hitzaren itzulpen erdi-ustela dela 'adventus'; 'parusia' hitzak 'etorrera' esan nahi duela, bai, baina 'presentzia' adieraz.

Euskarara etorrita, adibide polita dator Xalbadorren 'Odolaren mintzoa' liburuan: «Hamabortzgarren pertsuan aipatzen dutan euskaldun jaun haundia, Saint Pierre jaun apezkizu zena da. Harek ere egun haundi hortan ohoratu baigintuen bere presentziaz». Alegia, Saint Pierre gotzaina Urepelen izan zutela, bertako elizaren mendeurren-ospakizunean. Berekin izan zutela, izan, beste egunen batean noiz etorriko zain egon gabe.

Horra hor –Xalbadorren 'presentzia' horretan– 'parusia' hitzaren oihartzuna; 'adventus', 'adviento' eta 'abendu' hitzek galdua duten oihartzuna. Izan ere, Ebanjelioak grekotik latinera itzuli zituztenean, hitz horretan erdi-huts egin omen zuten, jatorrizko hitzaren oinarrian zegoen bizipena galduta.

Urrutiko hondartzetara eraman gaitu zurrunbiloak. Edo ez. Askotan esan ditugu hitz gogorrak erlijioen aurka, beti gerorako uzten dutelako zorionaren kontua, noiz eta mundu honetantxe bizi behar dugunean, ahalik eta zoriontsuen.

Orain, estreinatu berria dugun abendura etorrita, bizi dezagun egunero Eguberria, dena datorren 25erako utzi gabe. Egunero baita Eguberri. Aspaldi idatzi zuen Axularrek ere ez duela «deusek ere hanbat kalte egiten arimako, eta ez gorputzeko ere, nola egitekoen geroko utzteak, egunetik egunera, biharretik biharrera luzatzeak».

Haur bat gozatzen ikustea baino gozamen ederragorik! Atzo Alai bezala, bere bigarren urtebetetzean. Urte askoan, Alai. Eta zorionak, gurasoak eta etxekoak.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Abenduan