Oiartzun
Udalak etxe turistikoak mugatzeko proposamena landuko du herritarrekinPlaneamenduko Aholku Kontseiluaren bilera irekia egingo du abenduaren 10ean udal pleno aretoan
Oiartzungo Udalak etxebizitza bizitoki gisa lehenesteko duen konpromisoarekin jarraitzen du, eta helburu horri erantzuteko, bere esku dauden neurriak aktibatzen ari da. Horien artean dago etxebizitza turistikoen hedapena kontrolatzeko proposamena. Hala jakinarazi du Udal Gobernuko taldeak prentsa ohar baten bidez.
Turismoaren hazkunde orokorraren testuinguruan, Udalak egoerari aurre hartzea erabaki zuen, eta urtarrileko udalbatzan Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) aldatzeko konpromisoa hartu zuen, turismora zuzendutako establezimenduak arautu eta mugatuko dituen. Aldi berean, eta aldaketa gauzatu bitartean, erabilera turistikorako logela eta etxebizitza berriak erregistratzeko adostasun-txostenak aldi baterako etetea ere erabaki zuen udalbatzak.
Gaur egun, Oiartzunen turismo-erabilera duten etxebizitza bakan batzuk besterik ez dauden arren, joera orokorra aintzat hartuta beharrezkoa ikusi zuen Udalak establezimendu turistikoak berandu baino lehen mugatzea. Izan ere, Oiartzungo HAPOa 2015ekoa da eta, une horretan etxebizitza turistikoak arautzen zituen legerik ez zegoenez, HAPOak ez du figura hori jasotzen.
Azken hilabeteetan, herrian turismora zuzendutako apartamentu eta etxebizitza eskaintza eta bilakaera ordenatzeko azterketa egin eta HAPOa aldatzeko proposamena prestatu du Udalak. Aldaketak honako alderdiei eragingo die: erabileren definizioa eta sailkapena, erabilera bakoitza gauzatzeko baldintza orokorrak eta, eremu bakoitzari dagokion arautegi xehetua.
HAPOaren aldaketa proposamena azaltzeko bilera irekia antolatu du Udalak abenduaren 10ean, 18:00etan, udal pleno aretoan. Saio berean Oiartzungo mugikortasun planak 2024-2029rako Elizalde ingururako jasotzen dituen ekintza nagusiak ere aurkeztuko dira.