Oiartzungo 'Arte Egunak' ospatuko dira asteburu honetan
Herriko sortzaileek antolatu dituzte, Udalaren laguntzaz
GOIZARIN
Osteguna, 8 iraila 2022, 00:08
Herriko kulturzale talde batek, Udalarekin elkarlanean, Oiartzungo «Arte Egunak» antolatu ditu hilaren 9, 10 eta 11n. «Kulturabirusa ekimenak aurreko bi urteetan herriko kulturgintzan utzitako arrastoari eta saretzeari segika, helburu antzekoak ekarri nahi ditugu plazara: uda giroan ere kultur ekitaldien aniztasuna bultzatzea, diziplinartekotasuna eta esperimentazioa, herriko kultur eragileen, sortzaileen eta kulturzaleen arteko elkar-ezagutza eta saretzea bultzatzea», jakinarazi dute antolatzaileek.
'Arte Egunak' ekimena bihar abiatuko da, Hiru Binaka ekitaldiarekin. Saioa arratsaldeko 19:00etan hasiko da, hiru gune ezberdinetan: Arizmendienea lorategian, Hipatia lorategian eta Eliza inguruan. «Herriko sei sortzaile jarri ditugu harremanetan, bikoteka, egun horretan erakutsiko diren pieza bana sortzeko», jakinarazi dute. Hauexek dira parte hartzaileak: Miriam Unzueta eta Olga Corrochano; Malen Elizasu eta Xabier Belaunzaran; eta Amets Badiola eta Alaia Martin. Ekitaldira joateko sarrerak Garmendi txokolategian eskura daitezke, doan.
II. Poesia Eguna, larunbatean
Larunbatean, II. Poesia Egunaren txanda izango da, 'Gaizkileak' gaia ardatz hartuta. Ugaldetxoko Bidegorriko komunen paretik abiatuta, hiru gunetan hiru errezitaldi izango dira goizeko 11:00etan. Lehenengo bi guneetan herriko literaturzale eta idazleek irakurriko dituzte testuak. Hirugarren gunean aurten poesia liburuak argitaratu dituzten Euskal Herriko poetek beren testuak irakurriko dituzte.
Iraia Etxebeste, Aiako Harria Gaztelumendi, Elixabete Perez Gaztelu, Oihana Muxika, Ahetz Kortajarena, Ekhi Arizmendi, Elias Arizmendi, Mirari Telletxea, Marti Casanova eta Anari Larburu izango dira herriko irakurleak. Herriko idazleak, berriz, Karmele Mitxelena, Alain Mendizabal 'Txilly', Olatz Mitxelena, Aintzane Galardi, Josu Ibarguren, Joane Irigoien, Pello Añorga eta Miren Azkarate izango dira.
Azkenik, idazle gonbidatuak Juan Luis Zabala, Lizar Begoña, Maite Lopez, Ekaitz Goikoetxea, Aritz Gorrotxategi eta Itxaro Borda izango dira.
Saioaren ondoren, arratsaldeko 14:30ean, arte bazka-aktiboa izango da, Bazkun Zahar elkartean. «Bazkari giroaren bueltan, kulturzale, sortzaile eta eragileen arteko solasa eta saretzea landuko da», zehaztu dute antolatzaileek.
Artisau eta sortzaileen azoka
Amaitzeko, irailaren 11n, 10:00etatik 14:30era artisau eta sortzaileen azoka izango da Doneztebe Eliza inguruan. Bertan izango dira: Rbelde, Maitandu Makrame, Puochinah, Oliparok, Sorginlore, Lei lei, Arratibel, Txirikorda, Loregorri, Xipiroi serigrafia, Kosta itsas-egurrak, Ane, Ehunduz, Ainara Lasa, Izaro, Maixa, Borealak, Allende Arnaiz, Koöl, Luma moda etikoa, Hamarratz, Zizkamizka eta Gar-gar.