Kanterri saioak ospatu dira azken egunetan
Lehenengo edizioa izan da eta euskarazko kantagintzaren inguruko ikasgune eta bilgune izan nahi du ikastaroak
EGIAR
oiartzun.
Asteazkena, 13 uztaila 2022, 00:04
Ahotseneak, Oiartzungo Kantagintza elkarteak eta Oiartzungo Udalak antolatuta, azken egunetan I. Kanterri ikastaroak ospatu dira, astelehenean eta atzo, hain zuzen. Kanterrik euskarazko kantagintzaren inguruko ikasgune eta bilgune izan asmo du, eta euskarazko kantagintza aztertu eta berau sustatzeko baliabideak eskaini nahi ditu. Helburu nagusien artean, euskarazko kantagintzaren ekarpen historikoa zein egungo ekarpena bere ertz guztietatik hausnartzea daude, eta baita letrak euskaraz sortzen trebatzen laguntzea, euskarazko kangatgintzaren transmisiorako baliabideak eskaintzea eta euskaraz kantatzeko grina transmititzeko bideetan sakontzea ere.
Kanterri ikastaroak gonbidatu ezagun asko ekarri zituen Oiartzunera. Astelehenean, Fermin Etxegoien izan zen lehena, 'Belarrezko katedralak. XX. mendeko kantagintzaz' saioarekin. Etxegoienen ondoren, Anari Alberdi Anari musikariaren tailerra izan zen, 'Zer, zergatik eta zertarako (kantatu)?' tailerra hain zuzen. Transmititu behar dena euskaraz abesteko gogoa dela azpimarratu zuen. Asteleheneko jardunaldiekin amaitzeko, Itxaro Borda idazle baxenafartarrak hitz egin zuen, 'Nondik eta nola idatzi kantaltrak? Erran eta egin'.
Atzo, berriz, goizeko txandan Ihintza Orbegozok hartu zuen hitza, 'Haize zaharrak eta haize berriak. XXI. Mendeko kantagintza. Lehen 20 urteak' irakurketarekin. Orbegozoren ondoren, Imanol Epelderen txanda iritsi zen, 'Kanta dezagun bizitza (ikasgeletan ere). Edo nola lortu curriculum-dekretu bat sormenarentzat'-rekin. Epeldek euskal testu klasikoak internetetik deskargatu daitezkeen musika oinarriekin nola uztartu daitezkeen azaldu zuen, kantari. Azkenik, Jon Maia bertsolariak hitz egin zuen. 'Zergatik gara kantu bat?' izan zen bere hitzaldiaren izena.
Danborrada entsaioak
Xanistebanak prestazen hasiak dira Oiartzungo eralige ezberdinak. Bihar, hilak 14, Xanistebanetako helduen danborradako entseguak hasiko dira Haurtzaro Ikastolako pilotalekuan. Arratsaldeko 20:00etatik 21:00etara izango dira, Ergoiengo Jai Batzordeak eta Haurtzaro Ikastolak antolatuta. Herritarrei bertaratzeko deialdia zabaldu dute. Helduen danborrada abuztuaren 4an izango da, gaueko 23:30ean.