'Magma Mia' bakarrizketa eskainiko du Bea Egizabalek igandean
Bakarrizketa feminista; militantziatik asko, baina umoretik are gehiago duen ikuskizuna. Honela aurkezten du Bea Egizabalek 'Magma Mia', igande honetan Oiartzunen taularatuko duen bakarrizketa. Hitzordua arratsaldeko 19.00etan jarri dute, udaletxeko pleno aretoan. Obra honen helburua, ikusle potentzial desberdinetan gogoeta eta barreak eragitea da.
Baina hau ez da hilabete honetan herrian ikus ahal izango den antzezlan bakarra. Hilaren 30ean haurrei zuzendutako lan bat iritsiko da, 'Kaskarot', Atx Teatroaren ekoizpena. Hau ere udaletxeko pleno aretoan taularatuko da, arratsaldeko 18:00etan. Sinopsiak dioenez, agure batek istorio bat kontatuko du. Aner gizarte distopiko batean bizi da, non dantzatzea debekatuta dagoen. Anerri izugarri gustatzen zaio dantza egitea eta horrek arazo larriak sortzen dizkio. Kaskarot Anerren 'alter egoa' da. Bere ingenio eta zentzuaren bidez, Anerri erakutsiko dio bere egoerari buelta ematen eta arauen aurrean bere adierazpen askatasuna lehenesten.
Bi saio hauek Oiartzungo Antzerkizaleen Elkarteak antolatu ditu.