Killirikupe berdintasunaren aldeko emakumeen taldeak ikastaroa antolatu du
Aurten ere Killirikupe berdintasunaren aldeko emakumeen taldeak emakumeak ahalduntzeko Oiartzungo Eskola jarri du martxan
GOIZARIN
Igandea, 25 iraila 2022, 00:12
Aurten ere Killirikupe berdintasunaren aldeko emakumeen taldeak emakumeak ahalduntzeko Oiartzungo Eskola jarri du martxan. Aurten, patriarkatuak ezarritako moldeak azaltzen eta hausten jakin zuten feministen pentsamenduak eta jakinduria erlazionatzen saiatuko dira. «Esate baterako, Adrianne Richen amatasunaz zeukan ikuspegi eta esperientzia feministatik aztertuko dugu», argitu dute Killirikupeko arduradunek. Hala, erreferente feministak diren emakume batzuen eskutik amaren eta alabaren arteko harremanei, amatasunari, eta giza bizitza bermatuko duten mundu berriak sortzeko aukerei buruz hausnartuko dute. Azkenik, Maria Luz Estebanen poesia eta bizipenak izango dituzte hizpide, 'Amaren heriotzak libreago egin ninduen' liburuaren bidez. «Esperientzia sakonek ematen diguten poesia sentitu, pentsatu eta gozatu egin ahal izango dugu», gaineratu dute.
Aurten ere bi talde osatuko dira: asteazkenetan 18:00etatik 19:30era, gazteleraz; eta ostegunetan ordutegi berean, euskaraz.
Aurkezpen saioa, ostegunean
Ikastaroa heldu den ostegunean, hilak 29, hasiko da Manuel Lekuona bibliotekan egingo den aurkezpenarekin, 18:00etan. «Ikastaroan parte hartzeko baldintzak bi dira: alde batetik, interesa izatea eta, bestetik, presentzia jarraitua izatea», jakinarazi dute.
Informazio gehiago nahi izanez gero, telefono zenbaki hauetara dei daiteke: 943 491 130 edota 695 713 576.