Borrar

Oiartzun

Herrira bizitzera etorritakoekin batera egingo dute sokadantza udal ordezkariek

Astelehena, 28 uztaila 2025, 20:55

Comenta

Xanistebanetako ospakizunen bueltan, herriko bizitzan ekarpen garrantzitsua egin duten eragile eta herritarrak omenduko ditu aurten ere Udalak. Alde batetik, Ihote Taldeari aitortza egingo zaio, eta bestetik, udalerrira atzerritik bizitzera etorri diren herritarrak izango dira protagonista sokadantzan. Urte luzez ihoteak antolatzen ibili den Ihote Taldeari omenaldia egingo zaio abuztuaren 1eko Kultur Ekitaldian, «herrian hain errotuta dagoen festa berreskuratu, birmoldatu eta zabaltzeko egindako lanagatik». Arizmendienean izango da, 18:00etan. Herriko festarik bereziena antolatu eta indartzeko hamarkada hauetan guztietan Ihote Taldeak egin duen lana aitortu eta eskertu nahi du Udalak. Joana Mendiburu alkateak adierazi duenez, urtez urte Ihote Taldea osatu duten herritarrek «jakin dute ospakizuna garai berrietara egokitzen eta aberasten, gure nortasuna indartzen eta festa giroan komunitatea sendotzen».

Oiartzuar denentzat tokia duen festa dela nabarmendu du alkateak. «Denentzat dago lekua ihoteetan: familientzat, gazteentzat, baserrietan urruti bizi diren herritarrentzat... Plazara ez ezik, auzo guztietara zabaltzen da jaia eta herriko kultura eta gure izaeraren adierazle nagusia da. Horregatik, egin duten lan guztia eskertu eta omenaldia egingo diegu abuztuaren 1ean».

Abuztuaren 2ko sokadantzara atzerritik azken urteetan Oiartzunera bizitzera etorri diren herritarrak gonbidatu dituzte aurten, udal korporazioarekin batera festei hasiera ematera. Sokadantzak komunitatea islatzen duela nabarmendu du Mendiburuk. Sokadantza bukatuta, Birgilio Labandibar eta Xabier Izagirrek piztuko dute festei hasiera emateko suziria. Xanistebanetan eta herrigintzan urte luzez egin duten lan eskerga goraipatu nahi izan du jai batzordeak. Izagirre eta Labandibar zoriondu eta haien konpromisoa eskertu du alkateak ere: «Beti lanerako prest; Oiartzun pasioz bizi dute eta badakite duten grina ingurukoei ere kutsatzen. Udalaren izenean ere eskerrak eman nahi dizkiegu haien kemenagatik eta herriarentzat hain baliotsua den ekarpenagatik».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Herrira bizitzera etorritakoekin batera egingo dute sokadantza udal ordezkariek