'Begiradak' izena du Hitzen Lihoak elkarteak antolaturiko edizio berriak
Azaroaren 2tik 6ra bitarte luzatuko da bosgarren aldia
GOIZARIN
OIARTZUN.
Igandea, 23 urria 2022, 00:08
Hitzen Lihoak elkarteak dagoeneko aurkeztu du aurtengo edizio berria. 'Begiradak'᾽ izeneko ekimenean, «literaturaren, antzerkiaren, musikaren, bertsoaren eta arte plastikoen bueltako edizioa prestatu dugu; herritik sortua, bertako zein inguruko beste euskal herritarrentzat», zehaztu dute elkarteko kideek. Izan ere, «ezer ez da hutsetik sortzen, eta sormenak ere behar du aurretik sortutako obra bat. Gure aurrekoen hitzekin idazten dugu; ondokoen irudiekin marrazten; beste ahots-korda batzuen doinuak abesten», aitortu dute. «Neurri handiagoan ala txikiagoan, beste batzuek sortutako obrak berrirakurriz eta berrinterpretatuz sortzen ditugu obra berriak».
Horregatik, 'Begiradak' izena eman diote aurtengo edizioari, arreta jarri nahi dutelako, hain justu, horretan: lehendik sortuta dagoenari berriz begiratzean.
Egitaraua
Azaroaren 2an, emango zaio hasiera aurtengo ekitaldiari. 19:00etan Eider Bergaretxek irakurriko du Manifestua. Horren ondoren, Elizalde Herri Eskolako eta Haurtzaro Ikastolako ikasleen erakusketa zabalduko da. Bertan, Antton Mendizabalen 'Intxixua' izeneko eskultura abiapuntu hartuta, bertsoak, ilustrazioak eta eskulturak izango dira ikusgai. Gainera, gaztetxoen poesia irakurketa izango da, Amaia Lasaren Nereak ez diren lurralde hauetatik poema oinarri hartuta.
Hurrengo egunean, azaroak 3, Onintza Etxebestek 'Baserri hedatua' tesiaren eta liburuaren aurkezpena egingo du. Saioa 19:00etan hasiko da udaletxeko areto nagusian.
Azaroaren 4an, berriz, gaueko 22:00etan Pasadena kontzertua izango da udaletxe areto nagusian. Sarrera dagoeneko eros daiteke 7 euroen truke, Garmendi Txokolategian.
Azaroaren 5ean, Allende Arnaizen 'Atoz Pekataria' proiektuaren aurkezpen-tailerra izango da 11:00etan, Arizmendienean. Partaideek obra honetako esaldi bat serigrafiatuko dute; horretarako, kamiseta, alkandora edo oihalezko euskarri bat ekar dezakete. Horren ondoren, Arizmendieneko kapera bisitatuko dute jatorrizko inskripzioak ikusteko. Izen-ematea: hitzenlihoa@gmail.com helbidean egin daiteke, azaroaren 3ra arte.
Eta arratsaldeko 18:30ean Josune Gorostegi eta Titika Rekalt aktoreek 'Berrehun dukat' antzerki dokumentua eskainiko dute, 'Ehun dukat' antzezlanean oinarritua. Saioa Doneztebe elizan izango da. Sarrera 7 euroen truke eros daiteke Garmendi Txokolategian. Antolatzaileek jakinarazi dute hiletaren bat balego, hiletaren ondoren izango litzatekela saioa.
Eta bosgarren edizioari azaroaren 6an emango zaio amaiera. Goizeko 11:00etan Irakurketa jarraitua izango da Kontzejupean, laugarrenez. Mark Twainen 'Hiru kontakizun' denen artean irakurtzea da asmoa. Parte hartzera animatzen direnek hitzenlihoa@gmail.com helbidean eman behar dute izena, osteguna arte. Gero, bazkaria izango da Girizia Elkartean. Txartela 20 euroan salgai dago (langabetuek 15 euro), bertso-saio literarioa barne, Garmendi Txokolategian. Eta arratsaldeko 16:00etan Bertso-saio literarioari hasiera emango zaio. Uxue Alberdi, Igor Elortza eta Alaia Martin arituko dira Iñigo Astiz gai-jartzailearen aginduetara. Saioa Girizia Elkartean izango da eta sarrera 5 euroen truke salgai dago Garmendi Txokolategian.
Bonoa erosteko aukera
Emanaldi guztietarako bonoa erosteko aukera egongo da, 30 euroen truke (langabetuek 25 euro), Garmendi Txokolategian.