Errenteria
'Euskararen Errioa' jarri dute martxanUrriko lehen igandea iritsi bitartean, euroka kilometroko errioa osatzeko erronka hasi da, ahalik eta errio luzeena egiteko asmoz
Gero eta gutxiago geratzen da Kilometroak festaren jai handia ospatzeko (urriaren lehenean) Errenterian, baina lehen eta programatutako ekitaldien barruan, 'Euskararen Errioa' ekimena jarri da martxan.
Helburua oso erraza da. «Kilometro batean euroko 50.000 txanpon sartzen dira. Erronka euroak biltzea da, ahalik eta errio luzeena egitea. Gero horiek euskararen sustapena helburu duten proiektuetara bideratuko dira», adierazi dute arduradunek.
Ekimenean parte hartzeko modu ezberdinak daude: modu fisikoan, online edo Bizum bitartez egin daiteke ekarpena. Modu fisikorako, propio diru-bilketarako prestatuta dauden euskarriak sortu dira. Kilometroak dendan (Herriko Enparantzan) dagoen egurrezko errioa eta haren osagarri diren hodi gardenezko ibaiadar mugikorrak dira euskarri horiek. Azken hauek batetik bestera ibiltzeko prestatuta daude eta berehalakoan aterako dira herriko kaleetara: larunbat honetan, maiatzaren 1ean eta maiatzaren 6an; Sagardo Egunean, Dantzari Txiki egunean eta '12 orduz Erriolan' kultur maratoian.
Bizum bitartezko ekarpenak donazioak dira. Aplikazioan sartu behar da, 'Dirua bidali eta eskatu' aukera sakatu, ondorengo goiko menuan 'Eman' hautatu, bilatzailean 'Kilometroak Kultur Elkartea' jarri, zenbatekoa zehaztu, sartutako datuak egiaztatu eta bidalketa egin. Ekarpenak online www.kilometroak.eus/euskararen-errioa webgunean egin ahal izango dira.
'12 orduz Erriolan', larunbatean
«Herritarrak, erakundeak nahiz elkarteak ekimenean parte hartzera gonbidatu nahi ditugu, erronkari elkarrekin ekiteko eta elkarrekin lortzeko ilusioa pizteko. Tantaz tanta osatzen da errioa, marearen aurrera-atzerako balantzan, itsasorako bidean. Osa dezagun Euskararen Errioa ere modu berean, euroz euro, atzetik aurrera edo aurretik atzera, kilometroa osatu arte! Kiloeuro bat osa dezagun eurometroka!», bultzatu dute.
Kilometroak 23 festaren markoan, '12 orduz Erriolan' ekimena izango da datorren maiatzaren 6an. 11:00etan hasi eta 23:00ak arte euskara ardatz izango duten hainbat arte-diziplinatako emanaldiak programatuko dituzte Lehendakari Agirre plazan (Linon), sortuko diren hainbat espaziotan. Programazio osoa urriaren 1ean ospatuko den jaiarekin bukatuko da.