'Euskaraz bizi nahi dut' lasterketa haur eta gaztetxoentzat bihar
Herriko bi ikastetxeek gogotsu ospatu zuten atzo Euskararen Eguna
GOIZARIN
Jueves, 4 de diciembre 2014, 00:07
Euskararen egunaren karietara, bihar izango da «Euskaraz bizi nahi dut» herri lasterketa Oiartzunen, Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak eta herriko hainbat korrikalarik elkarlanean antolatuta.
Atzokoan, berriz, herriko bi ikastetxeek gogotsu ospatu zuten Euskararen Eguna. Nolanahi ere, jarraipena izango du aldarrikapen horrek bihar. Izan ere, Euskaraz bizitzeko nahia harrotasunez eta elkar hartuta adierazteko beste aukera bat izango da, aurten ere haurren eta gaztetxoen ahotik. Lasterketa ez da lehiakorra izango eta familia giroan eta lagun artean parte hartzeko modukoa da. Kirola eginez ongi pasatzea da helburua, euskaraz noski.
Lasterketaren xehetasunak
Haurrak eta gaztetxoak lau taldetan banatuko dira eta irteera ordua honoko hau izango dute: 3-5 urte: 17:00etan; 6-8 urte: 17:15ean; 9-11 urte: 17:30ean eta 12-16 urte: 17:45ean. Izen-ematea egunean bertan egingo da, Doneztebe plazan 16:00etatik aurrera. «0-8 urte bitarteko haurrekin batera gurasoak animatu nahi ditugu parte hartzera», azpimarratu dute antolatzaileek.
Lasterketa girotzeko arratsaldeko 17:00etan haur-jolasak izango dira Kontzejupe plazan. Amaieran, berriz, «Argitu euskara zure izpiekin» leloaz mosaikoa osatuko da. Azkenik, aipatu txokolatada ere ez dela faltako, arratsaldeko 18:45ean.
Udala egunarekin bat
Atzo, Oiartzungo Udalak 'Euskaraz bizi nahi dut' dioen zapia zabaldu zuen udaletxeko balkoian, Euskararen Egunarekin bat eginez. Horren harira, Irati Etxebeste Euskara zinegotziaren adierazpenaren arabera, «ospakizun eta aldarrikapenerako eguna da. Herri berezia da gurea, euskara nagusi dena eta euskarak iraungo badu, horrelako arnas guneak beharrezkoak dira. Azken urteetan Udalaren jarduna euskalduntzako urrats nabarmenak eman ditugu, baina oraindik hutsuneak dauden ataletan hobetzen joango gara. Euskal Herri euskalduna helburu, Oiartzundik asko egin dezakegu».