Anton Abadiaren figura eta lana aztertuko dira Euskal Jaien inguruan
Hurrengo ostegunean auditorioan antzerki musikatua eskeiniko du Loraldia elkarteak
Antoine Thomson d?Abbadie d?Arrast zuen izena baina Antoine d?Abbadie edota Anton Abadia bezala iritsi zaigu bere arrastoa. Hondarribian Euskal Jaiak ospatu zirenaren urteurrena ospatzeko egitarauaren barruan, esploratzaile, astronomo eta euskal kulturaren sustatzaileari hiru ekimen eskainiko zaizkio. Izan ere, Euskal Jaien hastapenaren arduradunetako bat da.
Antzerki musikatua (azaroak 28), bere gaztelura bisita gidatua (azaroak 29) eta mahai ingurua antolatu dira (abenduak 13), Anton Abadiak Lore Jokoen bidez euskarari eta euskal kulturari egindako ekarpena ezagutzeko eta gaur egungo kulturgintzarekin zubiak eraikitzeko. Garoa Lekuona, Esukara zinegotziak, azpimarratu du nola «Abadiaren legatua gure herriarentzat eta euskal kulturarentzat oso garrantzitsua den. Ziklo honen bidez, bere lana eta ekarpenak ikus-entzunezko esperientzia baten bidez gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen dugu».
Hurrengo ostegunean, 20:00etan auditoriumean, ?Anton Abadia: Dublinetik Hendaiara? antzerki musikatua izango da. Loraldia Produkzioaren antzezlan musikatua Bilbon estreinatu zen 2015ean eta 2020an 24 emanaldi izan zituen. Lekuona azaldu duenez, «antzerki hau ekartzea ez da erraza izan birproduzitu behar izan delako, baina Udaletik errepikatu dugu eta Loraldiari oso eskertuak gaude». Obrak «ez du soilik iragana kontatzen; gaur egungo ikus-entzuleek euskal kulturaren transmisioaren garrantziaz hausnartzeko ere gonbita egiten digu». Anton Abadia gorpuztu zuen lehena Aitor Mazo izan zen, ondoren Txomin Heguik egin zuen lan hori eta Hondarribian Anje Oregiren txanda izango da.
Hurrengo egunean, azaroaren 29an, larunbata, bisita gidatua antolatu da Abadia gaztelura, autobusez. Plazak egun gutxitan agortu ziren.
Mahai ingurua
Azken ekimena abenduaren 13an izango da, Euskal Azokaren barruan, Itsas Etxea auditoriumean egingo den ?Euskal Jaiak: iragana eta etorkizuna? mahai ingurua. Urtemugaren harira, hausnarketa sakonago bat ere proposatzen da, herri nortasunaren eta euskal kulturgintzaren bilakaeraren inguruan. Euskal Jaien, Lore Jokoen eta euskal kulturgintzaren arteko lotura historikoa aztertuko dute Harkaitz Cano idazleak, Koldo Ortega historialaria eta Antxoka Agirre kazetari eta ikertzaileak.
Azken honek 2023an Bertsolari Aldizkarian jasotako ideia bat izango dute abiapuntu: «Lore Jokoak euskal kulturgintza modernoaren abiapuntua izan ziren, eta, beraz, baita bertsolaritza modernoarena ere; han sortu zen neurri handi batean gaur egungo txapelketaren formatua».