Bertako disenatzaileen eta jasangarritasunaren garrantzia
Nazioarteko firmez gain, Euskadiko berrogeita hamarren bat marka eta diseinatzailek aurkeztuko dituzte beren proposamenak Balenciaga eta San Telmo museoetako pasareletan
Urriaren 19, 20, 21 eta 22an, San Sebastián Moda Jaialdiak programa zabala eskainiko du bost espazio desberdinetan, berrogeita hamarren bat marka eta hogei hizlariren parte-hartzearekin.
Jaialdiaren erakargarri nagusietako bat desfileak izango dira berriz ere. Urriaren 20an, 20:00etatik aurrera, Cristóbal Balenciaga Museoak ateak irekiko ditu azken urteetan estatu mailan gailendu den Redondo Brand markaren eta Kutxa Kultur Modaren 'fashion show'ak hartzeko. Laura Chamorro, San Sebastián Moda Jaialdiko zuzendariak adierazi duenez, «Redondo Brand-ek ‹Sophia› kolekzioa aurkeztuko du, jantzi ikusgarriekin, goi-joskintzakoak izan zitezkeen bolumen, testura eta ehunekin. Horrez gain, ‹celebrity›en eta alfonbra gorrietako ohiko diseinatzaile denak bere kolekzioak osatuko ditu bere sorkuntzarik ikonikoenekin eta Balenciagako ekitaldirako berariaz diseinatutako piezekin». Chamorrok gaineratu duenez, «desfilea modako ikasgaia izango da. Eta antolakuntzatik espero dugu maila ematea, firma honek espektatiba handia piztu baitu».
Bestalde, SSMF-ko arduradunak azpimarratu du garrantzitsua dela Kutxa Kultur Modak, lurraldeko ‹made in Gipuzkoa› modaren plataformak, ostegun gauean izango duen parte-hartzea. «Balenciaga museoko pasarelak hartuko ditu ‹fashion film› bat eta genero-identitateari erreferentzia argiak egingo dizkieten tokiko hogeiren bat diseinatzaileren desfile bat. Gainera, Okasana Lobas Zaysts, Ural, Urdai edo Álvaro Azkue talentu berriek, besteak beste, bildumarik apurtzaileenak aurkeztuko dituzte, guztiak ere berriak». Onintza Urbietak, Kutxa Kulturreko zuzendariordeak, gaineratu duenez, «Kutxa Kultur Modaren ezaugarri nagusia da sortzen ari den tokiko talentua babestea eta Gipuzkoako moda-komunitate bat sendotzea, eta ekintza guztietan iraunkortasun- eta gizarte-irizpideak aplikatzen laguntzea. Oraingoan, diseinatzaile bakoitzaren hizkeratik abiatuta, genero-identitatearen mugei buruzko gogoeta ikusiko dugu».
Lekuko ekonomia zirkularra
Urriaren 20an, goizez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak ere urteroko prestakuntza saiorik gustukoenetako bat bultzatuko du. Hogeiren bat hizlarik –horietako asko, nazioarteko erreferenteak– gogoeta egingo dute gai honi buruz: «Nola eragin dezake modak ongizate globalean?».
Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok adierazi du moda jasangarriko jardunaldi hau estatu mailan erreferente bihurtu dela, eta Gipuzkoako diseinatzaileak kokatzen dituela modaren industriaren sektore berri baten abangoardian: «Moda eraldatzea, hala kontsumoari, nola produkzioari edo diseinuari dagokienez, irizpide jasangarriagoetara eta zirkularretara bideratzeko, orain ezinbestekoa da gure herritarrentzat enplegua eta ongizatea sortuko dituen tokiko industriaren garapena laguntzeko». Diputatuak gaineratu duenez, «tokiko moda jasangarriaren aldeko apustua eredu ekonomiko berri baten aldeko apustua da, hain zuzen ere lankidetza, sorkuntza, jasangarritasuna eta giza eskubideen errespetua ardatz dituen ereduaren aldekoa».
Entzun ditzagun Urbieta eta Asensioren hitzak.