Tristura
SEIGARREN OLATUAN ·
Emozioentzako botiken kutxan ondo aukeratutako kanta triste sortatxo bat edukitzea edozein unetan da oso komenigarria, are gehiago orainHerenegun, behar baino gehiago luzatu zen sofaldian, bi kantari espainiar entzun nituen tristuraz mintzatzen: Ismael Serrano podcast batean, eta Rayden telebistan. Musikaren aldetik distantzia handia dago haien artean, eta hamar bat urteko adin tartea ere bai, baina biek nabarmendu zituzten gure buruari triste egoteko baimena emateak dakartzan onurak.
Azkenaldian Serrano umorez ari da kudeatzen kantuan hasi zenetik arrastaka daraman kantautore triste fama. Orain dela hamar bat egun igo zuen bere YouTubeko kanalera iaz hasi zuen 'La canción más triste del mundo' sailaren hirugarren atala. Raydeni dagokionez, izena ezaguna egiten bazitzaidan ere gainontzekorako googleatu egin behar izan nuen. Kantautore malenkoniatsuak gustatzen zaizkit baina, tristea bada ere, aitortu behar dut musikaren beste arlo askotan nire ezjakintasunak ez duela mugarik.
Kanta tristeak sendagarriak iruditzen zaizkio Ismael Serranori, soka-mutur moduko bat luzatzen digutelako gure alde arrazionalari jaramon eginez gero ukatzea edo uxatzea nahiago dugun tristurari heltzeko. Guztiz ados. Nork ez du inoiz behartu abesti benetan triste baten laguntzarekin barrutik itotzen gaituen estura hori ezerk baino hobeto askatzen duen negarraldia?
Emozioentzako botiken kutxan ondo aukeratutako kanta triste sortatxo bat edukitzea edozein unetan da oso komenigarria. Garai hauetan, ezinbestekoa, pandemia agerian uzten ari den gabezia ugarietako bat delako –inongo ebidentzia zientifikotan oinarritzen ez den nire uste apalean–, ahuldadearekin, zaurgarritasunarekin, beldurrarekin eta ezintasunarekin zerikusia duten egoerak kudeatzeko daukagun gaitasun eskasa.
Harroxkoenak ere onartuko du azkenaldian ahul, zaurgarri, ikaratuta eta ezgauza sentitzeko arrazoi asko ditugula. Eta, maiz, berandu konturatu garela hori guztia garaiz eta ganoraz gobernatzeko tresnak kamustuta dauzkagula, edo gordelekuko txokorik helezinenean ahaztuta.
Izan ere, lorpenen, arrakastaren, lehiaren, txapeldunen, zorionaren eta dibertsioaren kulturak zokoratu egin ditu tristuraren iratxoak, gutxietsi egin du haien indarra. Gogotik ari gara ordaintzen. Iratxoak, alegia, merezi duten arreta jasotzen ez badute munstro bilaka daitezke, eta hor dabiltza munstro gosetiak aske, adin guztietako ehizakien bila. Besteak beste, erdoiltzen utzi ditugulako tristeak kontsolatzeko makinak, tristura bera eta kanta tristeak barne.