Tolosan dira EuskarAbentura espediziko kideak

Talde osoa, udaletxe aurrean. /IÑIGO ROYO
Talde osoa, udaletxe aurrean. / IÑIGO ROYO

Ekimena euskararen erabilerari egiten ari zaion ekarpena nabarmendu zuen Olatz Peon alkateak udaletxean egin zitzaien harreran

Tolosan da uztailaren hasieran Maulen abiatu zen EuskarAbentura espedizioa eta, ohi denez, bete-betea izango du asteazkena. Goizean 'Zortzi Yukon' dokumentalaren proiekzioa eta Mattin Zeberio zuzendariarekin tertulia dute; arratsaldean sormen lanaren lanketa Miren Amuriza, Ximun Fusch, Ander Lipus, Myriam Perez eta Kattalin eta Peter Ansorenarekin eta gaueko 21:00etan Gipuzkoako egoera soziolinguistikoari buruzko hitzaldia, Kike Amonarrizen eskutik.

Ostegunarekin ekingo diote berriro bideari helburuen artean euskararen erabilera sustatzea duen ekimen honetan parte hartzen ari diren gazteak. Etapak Andoaingo Martin Ugalde parkeraino eramango ditu, han BERRIA egunkaria bisitatuko dute, eta Hernanin amaituko dute eguna, biharamunean Irunerako bidea hartuko dutelarik, Gipuzkoa egun batzuetarako agurtuz.

Atzo, asteartea uztailak 17, Tolosara iritsi orduko Olatz Peon Ormazabal alkateak egin zien harrera. «Funtsezkoa da euskaldunaren aktibazioa, euskaraz bizi ez direnengana hurbiltzea. Euskararen erabilpenari ekarpena da EuskarAbentura». Lehen aldiz ospatzen den ekimen honetan 16 eta 17 urte bitarteko 110 gazte ari dira parte hartzen, horietatik 7 tolosarrak. Uztailaren 1etik 31era, Euskal Herria ari dira korritzen oinez, Mauletik Getxoraino.

Olatz Peon Ormazabal alkateak eta Irati Labaien espedizioko partehartzaileak hartu zuten hitza Tolosako Udaletxean. Alkateak nabarmendu zuen euskara dela lokailu, «batzen gaituena»: «Ezagutzen denetik euskalduna izan da Tolosa. Jakin dugu euskarari eusten, euskarari izen ona ematen, euskarazko lanak sortzen eta euskaltasuna bizirik eta indartsu mantentzen, oztopoak oztopo». Azpimarratu du euskararen jakintza goruntz doala herrian: «Herritarren %85ak badaki eta gaitasuna du euskaraz bizitzeko. Erabilpenean dago, ostera, gakoa. Galtzaundi elkartean egindako azken kale neurketak adierazi zuen: belaunaldi berrien euskara ezagutza gero eta handiagoa dela, baina erabilera ez dela handitzen neurri berean». Horren aurrean, funtsezkotzat jo du euskaldunaren aktibazioa: «Euskaraz bizi ez direnengana hurbiltzea. Euskararen erabilpenari ekarpena da euskarabentura, eguneroko abenturak ere euskaraz egitekoa».

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos