Kirolari-haztegi txiki bezain emankorra
Izaera ·
Lurralde txikia izanagatik, modalitate ezberdin askotan protagonista bihurtu diren kirolari ugari eman du Gipuzkoak. Hainbat faktorek egiten dute kirolari-haztegi oparoRaketistak
Lehen emakume kirolari profesionalak, miretsi nahiz mespretxatuak
Azken urteetan hainbat lanek -'Raketistak lehen eta orain' Jon Juanes Iragorrik zuzenduriko dokumentalak edo 'Las pelotaris 1926' telesailak- euren istorioa nolabait berreskuratu duen arren, askok oraindik ez dituzte identifikatuko argazkian agertzen diren kirolariak. Ezta Estatuko lehen emakume kirolari profesionalak izan zirela jakin ere. XX. mendearen lehen erdian, emakumeen rola guztiz markatuta zegoen hartan, euskal raketistak euren lekua eskuratzeko gai izan ziren, kasu askotan familien sostengu ere bihurtuz. Frontoiak betetzen zituzten -kanpoan bereziki, etxekoetan mespretxua ere jaso baitzuten-, zaleen miresmena zuten, diru asko mugitzen zen haien inguruan... Pilotan gizonezkoak baino gehiago izatera ere iritsi ziren; 1943an, esaterako, 1.432 pilotari federatuetatik 734 emakumeak ziren. 1946an, baina, frankismoak lizentziak emateari utzi zion, eta hortxe hasi zen beherakada. Ospea galduz joan ziren, euren ekarpena oroimenetik ia guztiz desagertu arte.
Emakumeak
Salbuespena izatetik euren rola emaitzekin aldarrikatzera
Eurak, raketistak, dira 'Ipuskoa bizi'-ren atal honetan agertzen diren ia emakume bakarrak. Gizonezkoek ia bere osotasunean hartzen zuten esparru batean salbuespena izan zirenaren seinale. Zorionez bestelakoa da egungo Gipuzkoako kirolaren argazkia, emakumeak, kostata bada ere, euren lekua hartzen joan baitira. Eta ez nolanahikoa, beraiek izaten ari dira albiste pozgarri askoren eragile azken urteetan: dominak Joko Olinpikoetan, munduko txapelketak, ligak eta kopak... Bereziki deigarria da, nola ez, futbolean izandako gorakada -Gipuzkoan, 100 futbolaritik 20 emakumeak dira egun-, baina beste hainbat modalitatetan ere protagonista dira dagoeneko emakumeak, taldean nahiz bakarka: eskubaloian, saskibaloian, hockeyan, surfean, txirrindularitzan, alpinismoan... Hala eta guztiz ere, berdintasunerako bidean oraindik ere pauso ugari geratzen direla ezin uka: soldata-arrakala, erabaki-postuetan emakume gehiago egotea, azpiegitura duinak atontzea, kontziliazioa eta amatasuna, merezi duten jarraipena eskaintzea... Eta, oro har emakumeek gizonezkoek baino kirol gutxiago egitea eragiten duten faktoreak identifikatu, aztertu eta ahal den heinean gainditzea. Hor erronka.
Erronkak
Desafioak, gure kirolaren garapenaren motorra
'Ipuskoa bizi'-ren atal honek eskaintzen dizkigun irudien artean, bada Debako frontoian, ikusle andanaren aurrean, jokatzen ari den pilota partida bitxia: bikotea hirukotearen aurka. Desafioren baten ondorio izango zela pentsa daiteke, halakoak ohikoak ez ezik ia oinarrizkoak izan baitira gure kirolean eta haren garapenean. Baserrietako gizon-emakumeen arteko erronkek bihurtu zituzten, finean, kirol diziplina haien eguneroko lanak. Halakoak daude historiarako geratu diren kirol-balentria askoren atzean eta, eta garai ilunetan herri kirolek bizirik irautea ere bermatu izan dute erronka horiei loturiko diru apustuek. Izan ere, biak, desafioak eta apustuak, izan dira kirolaren bilakaeraren motorra gurean urte askoan; eta lehenak indarra galdu badu ere ezin esan gauza bera bigarrenaz, tamalez.
Urtain
Kirolaria mito bihurtu zuten argi eta, batez ere, ilunak
Puntako kirolari asko eman ditu Gipuzkoak, baina zaila da Jose Manuel Ibar 'Urtain' bezalako pertsonaia bat topatzea, mito oro sortzeko behar izaten diren osagaietako asko elkartu baitziren haren ibilbidean, argi baino ilun gehiagorekin. Felipe Luis Manero idazleak hala deskribatu zuen 'Urtain: Retrato de una época: 26 (Vidas)' liburuan: «Urtain eleberri bateko pertsonaia da berez (...). Bere bizitza greziar tragediako heroi baten istorioa da, Zestoako bere baserriko apaltasunetik gailurrera iristen dena, Espainiako pertsona ezagunenetakoa bihurtuz. Eta heroi on guztien moduan, erortzea zegokion».