«Bero olatua» esaten diogu, zerbait iragankorra balitz bezala, baina hau ez da olatu bat, irteerarik gabeko igerileku bat baizik. Beroaren summuna. Saunario batean bizitzea bezalakoa. Txingarrez eta trumoiez beteta dator olatua, txanpa zaleen kezkarako. Noranahi begiratuta ere, aire-bafadek astintzen digute aurpegia, eta hain da altua tenperatura, bafada horiek aurpegia bera ere desitxuratu edo molda dezaketela, haur txikiaren hatzek plastilina nola. Ezagutzen ez nuen batek keinu egin zidan aurreko batean kalean. Aspaldiko laguna nuen, baina ez nuen berehalakoan ezagutu, aire-bafadek ohiko aurpegiera zeharo aldatu diotelako. Belarriak zeuden tokian sudur bana hazi zaio, betazal bat tuneatuta zuen, eta begi-niniak sufre kolorekoak.
Sutan joaten zaigun egunari, gainera, sua baino ez diote botatzen batzuek. Ez dute lanbide edo zeregin hoberik. Sua ikusten duten tokian, hara doaz pospolo, txiskero, gasolina lata eta tresneria fosforiko guztiarekin, kimika-jolasetara. Jo eta su. Gero, jakina, tenperatura apur bat jaisten hasten denean, merituaren domina jarriko dute, euren lorpen juridikoa balitz bezala. Bien bitartean, lege klimatikoak seriotasunez martxan jartzen direnerako, gerra irabazia izango du eguzkiak.
Eta ez dirudi etorkizuna gehiegi aldatuko denik. Su-argitan jarraituko dugu, tenperatura gero eta altuagoekin, gatazka kiskalgarriekin. Presokratikoek arrazoi, kosmosa suzko transmutazio bihurtu da, eta agintea muturrera daramatenek berezkoa dute labe pirolitikoa. Errauts bidezko garbiketa alegia.