Nafarroan da, bigarrenez, EuskarAbentura 2022 espedizioa
Gipuzkoan egin duen sartu-irten azkarrean hiru egun igaro dituzte Zerainen eta Tolosan
Igandea, 17 uztaila 2022, 19:21
Nafarroara itzuli da EuskarAbentura 2022, Gipuzkoan sartu-irten azkarra egin ostean. Izan ere, Araiatik abiatu eta Zerainera ailegatu ziren uztailaren 14an, ostegunez, eta ostirala eta larunbateko atseden-eguna Tolosan igaro ostean igande honetan Lesakara iritsi da espedizioa, Oiartzunen barrena. Datozen hiru egunetan Zugarramurdi, Amaiur eta Bidarrai inguruan ibiliko dira, hilaren 20an Baionara heldu arte.
Gipuzkoako egonaldia laburra baina bete-betea izan da. Araiatik ostegunean oso goiz abiatu ziren, eta San Adriango pasabide naturalean barrena iritsi ziren Zegamara lehenik, eta Zerainera gero. Iluntzean, zeraindarrek herri-afari bikaina prestatu zieten espediziokideei, ongietorri gisara. Antolatzaileen hitzetan, «espedizioak ukitzen duen herri txikienetako bat da Zerain baina, dudarik gabe, jzioquitarrei harrera handi eta beroena egiten diena». Sorpresa modura, Ion Maia, Oihane Perea eta Irantzu Idoate, aurtengo Eskolarteko txapelduna, bertsolariak bertaratu ziren eta saio ederra eskaini zuten.
Biharamunean 18 kilometro oinez egin zituzten Beasaineraino, eta han trena hartu zuten Tolosara. Laskorain ikastolako instalazioetan hartu zuten aterpe, eta hain justu ikastetxe horretako areto nagusian jaso zuten Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariaren bisita. Gogoratu dutenez, «bidelagun leiala da Amonarriz, EuskarAbentura espedizioaren lehen-lehen edizioaz (2018) geroztik ez baitio hutsik egin Tolosako hitzordu horri». «Bizi ezazue euskara abentura bat bezala, eta luza ezazue EuskarAbentura hilabete honetatik harago», esan zien, eta gazte bereziak direla ohartarazi zien: «Hemen (EuskarAbenturan) bazaudete, ilusioa eta gogoa duzuelako da, eta hori ez dauka mundu guztiak. Seguru nago hemendik 15 urtera liderrak izango zaretela, nor bere alorrean; ziurrenik euskalgintzan ere bai». «Euskara da azken urteotan biziberritzea lortu duen hizkuntza gutxitu bakarretako bat, eta erantzukizun handia dugu, egoera bertsuan dauden beste herri askok kopiatzen baitituzte guk hemen martxan jartzen ditugun ekimenak», nabarmendu zuen Amonarrizek.
Larunbatean, espedizioaren erdia osatuta, atseden-eguna hartu zuen taldeak Tolosan bertan, eta gurasoen bisita jasotzeko aukera izan zuten. Nafarroa Garaian indartsu sartu da EuskarAbentura 2022 igande honetan, bigarren aldiz. Oraingoan Lesakara sartu dira Oiartzundik, eta bertan eman dute eguna. Astelehenean Lesakatik Zugarramurdirako etapa burutuko dute. Oinezko etapa bertan behera geratu da, muturreko tenperatura beroak aurreikusten direlako. Goizean igerilekuan freskatu ondoren, arratsaldean Iñigo Martinez filosofoarekin izango dute saioa. Martínez 'Mandamendu hipermodernoak: egungo inertziak zalantzan jartzen' liburuaren egilea da. Gure aroa bereizten duten ezaugarriak hauteman nahi ditu Martinezek eta, horretarako, «inkontzienteki geureganatu ditugun aginduak bilatu eta definitzen ditu: bidaia ezazu, ez egon triste, izan zu zeu, zaindu zaitez, ez hartu maitasun konpromisorik, izan zoriontsu, bilatu berriena…».
Arratsaldean autobusez joango dira Zugarramurdira eta Helena Xuriorekin izango dute solasaldia. Zugarramurdiarra da Xurio, eta sorgin-ehiza pairatu zuten arbasoen inguruko egia ezagutzeko beharrak bultzatuta hasi zen irakurtzen, dokumentatzen eta gehiago ezagutzen. Sorginkeriaren eta sorginen mitoaren atzean ezkutaturik geratu den sarraskiaren eta horren helburu politikoen berri eman nahi die gazteei.