Muñoz familiak jarraituko du oliba eta gozokien salmentarekin
Hurrengo feria astelehenean egingo da, plaza eta beste guneak herriko jaietarako behar dituztelako
Tere Madinabeitia
Ordizia
Asteazkena, 19 uztaila 2023, 20:56
Laster hasiko diren jai nagusietarako plaza ederki apainduta egin zen Ordiziako feria, eta eguraldiak agindutako goibeltasun puntuarekin ere bai. Uztaila aurrera doa, eta eguzkiak ez du asko berotzeko asmorik hemen, atzo ez behintzat. Eguraldi triste horri berritasun gutxi izateak eta bi saltzaileren agurrak lagundu zien, gainera.
Izan ere, agurrerako eguna izan zen atzokoa Vicente Muñoz eta Maria Luisa Mendizabal oliba saltzaileentzat. Erretiratzeko garaia iritsi zaie, eta atzo izan zuten azken eguna Ordiziako ferian. Aurrerantzean, Vicenteren anaia Teo izango da postuko arduraduna, 1970eko hamarkadan bien aita Teodoro Muñozek irekitako bideari jarraipena emanez. Hurrengo ferian ez dute oliba postua jarriko, baina abuztutik aurrera, hortxe izango da berriz ere, Plaza Nagusiaren kanpoaldean.
Vicentek eta Maria Luisak 9 urtez izan dute oliba postuaren kargua. 1970 inguruan Teodorok abiatutako negozioan erreleboa hartu zion aurrerago haren koinata Juani Lopez Sanchezek, eta duela 9 urte hasi zen zaldibiar bikotea lan horretan. Negoziaren hasieran, olibak, lekaleak eta intxaurrak saltzen zituzten, eta aurrerago gehitu zituzten gozokiak, gaurko eskaintza osatu arte. Ordiziakoaz gain, Beasaingo eta Zegamako feriak ere egin izan dituzte orain arte, eta Teok eta, bere ondoan izango den Txus Casao emazteak ere horrela jarraitzeko asmoa dute.
Lehen aipatu bezala, ia berritasunik gabeko feria izan zen, gainera. Aramako Miren Jauregik aire libreko tomatea jarri zuen salgai, kiloa 4 euroan. Jack motakoa zen, baina ferian badira mota gehiago ere, Iñaki Intxaustik duen Aretxabaleta eta gerezi tomatea, esaterako, biak ekologikoak. Tomatearen kiloa 4 eta 7 euro bitartean dago.
Lekak ere mota askotakoak daude, aire librekoak gehienak. Intxaustik gorria edo Buenos Aires motakoa zuen ugari, baina Maria Jesus Oriak zuen aukera zabalena: gorria eta lisoa, igitaia eta borobil berdea eta morea.
Piper mota gehiago ere ikusi ziren atzo, eta Uzinen postuan Gernika eta Landetako luzea zituzten salgai, kiloa 8 euroan.
Apioa edo perrexil hezea ere aipatu behar da, hasi delako berria. Sorta euro batean zegoen.
Amaitzeko, perretxiko eskain-tza: 80 kilo ziza (10-30 euro), 57 kilo ziza hori (15-18 euro), 20 kilo gibelurdin (20-30 euro) eta 19 kilo onddo (30 euroan).