«Kezka eta babes eza» salatu dute hainbat udal ordezkariek Aralarko pisten aferan
Auziperatuak izan ziren Enirio-Aralarko Mankomunitateko kide batzuk Eguzkik eta Landarlan talde ekologistek salaketa jarri ostean. Mankomunitateari egindako eskaerari erantzuteko eskatu diote auziperatuon babes juridikoaren kostu ekonomikoa bere gain hartuz
«Enirio Aralar Mankomunitateko lehendakariari hirugarrenez eta publikoki gure eskariei lehenbailehen erantzun diezaiela eta auziperatuon babes juridikoaren kostu ekonomikoa Enirio-Aralar Mankomunitateak bere gain har dezala», eskatu diote Aralarko pisten afera dela eta auzipetuak izan diren lagunak. Donostian emandako prentsaurrekoan Aloña Urretabizkaia Aramako udal ordezkaria, Iñigo Olano Altzagako udal ordezkaria, Elena Ruiz Beasaingo udal ordezkaria, Ainhoa Zuriarrain Amezketako udal ordezkaria, Aitor Altuna Lazkaoko udal ordezkaria, Jon Zubizarreta Abaltzisketako udal ordezkaria eta Jose Miguel Santamaria Ordiziako udal ordezkaria agertu dira prentsaurrean eta bertan aditzera eman dutenez «Enirio-Aralar Mankomunitatean mendi bide bat egokitzeko aldeko bozka emateagatik auziperatuak izan gara».
Hori dela eta, «gertatzen ari den injustiziaren azalpenak» ematera hurbildu dira Donostiara. Afera sortu zen, gogoratu dute, «Enirio-Igaratza arteko bidea egokitzeko lanak egiteko aldeko bozka eman genuen, aurrez Enirio-Aralar Mankomunitateak, Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako Plan batean oinarrituta» eta «lan hauek egiteko burutu den prozesu administratibo osoan ez da kontrako txosten tekniko edota juridikorik izan», diote. «Eguzki eta Landarlan talde ekologistek bide penaletik salatuak izan gara, Ingurugiroaren eta Lurralde Antolaketaren aurkako ustezko delituengatik. Hilabete barru ikertu gisa deklaratzera joan beharko dugu Tolosako Epaitegietara. Ezin ahaztu gure antzeko egoeran dauden Mankomunitateko idazkaria, 4 teknikari eta Aldundiko politikariekin. Hamasei guztira, hamasei pertsona auziperatuak mendian mendi-bideak egokitzeagatik».
«Indefentsio egoera honen aurrean, zazpi auziperatuok Enirio Aralar Mankomunitateko Lehendakariari bitan zuzendu gatzaizkio laguntza eske; gure defentsa juridikoaren kostuak Mankomunitateak bere gain hartzeko esaktuz, Mankomunitatearen baitan demokratikoki hartutako erabakiak izan baitira. Eskari honen aurrean ez dugu inolako erantzunik jaso Mankomunitateko lehendakariaren aldetik, nahiz eta jakin badakigun 15 Udaletara korreo elektroniko bidez zuzendu dela, oraindik ere gure kezka eta babes eza areagotuz», esan dute.
Udal ordezkariek Gipuzkoako bi nekazal sindikatuak eta Aralarko Baserritarren Elkarteko kideak ere bertan direla, beraien babesa jaso dute gaurko agerraldian. Bertan egindako balorazioaren arabera, «zazpi udalerrietako ordezkariak bozketa bategatik auziperatuak izan gara. Demokratikoki hartutako erabakiak gustatzen ez direnean hauen zentzua aldatzeko epaitegietara jotzea ez da onargarria». Egoera honen aurrean «Mankomunitateko Lehendakariaren ixiltasuna defizit demokratiko larria da eta herri ordezkariak indefentsio egoera batean jartzen gaitu».