Ver 46 fotos
Garazi Arrulak idatzitako mezuarekin amaitu da 23.Korrika Baionan
Milaka euskaltzalek amaiera erraldoia eman diote euskararen aldeko lasterketari
Hamaika egun eta 2.792 kilometroko ibilbidea osatu ondoren, 23. Korrika iritsi da Baionara, bere helmugara. Ahaztuko ez ziren oroitzapenak sortzeko asmoarekin abiatu zen martxoaren 14an Irundik, eta helburu hau beteta eman dio amaiera euskararen aldeko martxak edizio honi.
Hamabi terdietan iritsi da lekukoa Lapurdiko hiriburuko Askatasunaren plazarara, bertan bildu diren milaka euskaltzaleen txalo eta oihuen artean . Garazi Arrula Ruiz idazle, itzultzaile eta editore nafarrak gauzatu du azken erreleboa AEKren Artezkaritza kide den Bixente Claverierekin batera. Hain zuren, Garazi Arrula izan da azken egun hauetan eskuz esku ibili den mezuaren egilea, eta berak irakurri du.
«Urduri» eta «poz handiarekin» irakurri du idazle gazteak mezua, 23.Korrikaren leloarekin ('Harro Herri') bat egin nahi izan duen mezua, ekitaldiaren amaieran adierazi duenez. «Nor izatearen aitortza, horixe dugu euskara». Historia eta kultura baten parte garela nabarmendu nahi izan du idatzian, baina baita euskarak oraindik erronka asko dituela aurretik. «Hizkuntzaren dimentsio guztiak izan ditzan hiztunak, gizartearen arlo oro busti beharko du hizkuntza-politikak: basoak, soroak, plazak, lantegiak, pantailak, iruditeria. Egunerokoa hartu behar du biziko bada, Beskoitzen, Eguesibarren zein Bizkarsoro orotan», dio mezuak. «Gutarik bakoitzak anitz hizkuntza ukan ditzake: euskarak gu baizik ez gaitu».
«Kontingentzia planik ez: egiazko trantsizioa nahi dugu. Eta izanen bada, kolektiboa, antolatua eta lotsagabea izan beharko du», aldarrikatu du mezuak. «Gurea egunero idazten, kontatzen, egiten gabiltza, gero bat gaurdanik sortzen, euskarari bere lekua munduan eta geroan finkatzen. Mundo oso bat kabitzen baita euskaran. Noranahiko, euskaraz gara».
Mezua irakurri ondoren, AEK-ko ordezkariek eskerrak eman dizkiete 23.Korrika posible egin duten laguntzaile guztiee, baita bideak bete dituztenei ere. Martxoaren 14an irten zen Korrika Irungo San Juan plazatik, eta ordutik milaka euskaltzale ibili dira Euskal Herriko errepideetan korrika euskararen alde. Lasterketak irudi ahaztezinak utzi ditu hainbat herritan egun hauetan, baita Gipuzkoan ere. Hirutan igaro da martxa erraldoia gure lurraldetik. Estreinako egunean Irungo eta Hondarribiako kaleetan barrena ibili zen, Hendaiara joan baino lehen. Ostean martxoaren 19an Goizuetako bidetik Hernanira heldu zen arratsaldeko zortziak inguru, Buruntzaldea, Urola Kosta eta Erdiko herriak (Aizarnazabal, Zestoa, Azpeitia, Azkoitia) zeharkatzeko. Debagoiena (Elosu, Bergara, Elgeta) eta Debabarrena inguruan (Eibar, Soraluze, Elgoibar, Mendaro, Deba, Mutriku) ere ibili zen Bizkaira sartu arte. Azkenik, larunbatean Gipuzkoa osoa zeharkatu zuen, Leintz-Gatzagatik Oiartzunera, Baionara bidean.
Oiartzuarrek gau erdia pasata eman diete lekukoa lesakarrei, eta Beratik Sarara iritsi da laskerteka goizean goiz. Hortik, Lapurdiko hainbat herri zeharkatu ditu Baionara iritsi baino lehen. Senpere, Angelu eta Biarritzen ere milaka euskaltzalek bete dituzte karrikak. Ia hiru orduz ibili da lekukoa eskuz-eskuz Lapurdiko hiriburuan barrena. Joaldunak, etorkinak, kolegioetako ikasleak eta hainbat elkartetako kideak ibili dira lekukoarekin.
Hezkuntza arloko ordezkariak, Azterketak Euskaraz (aurtengo Korrikaren omenduak), Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak eta AEK-ko Artekariza Batzordeko ordezkariak izan dira azkenak lekukoa eramaten. Azken metroak Garazi Arrulak eta AEKren Artezkaritza kide den Bixente Claverierrek egin dituzte mezua irakurri baino lehen.
Baionak euskararen aldeko festa erraldoiarekin eman dio amaiera 23. Korrikari, egun osoan zehar luzatuko den festarekin.
Korrikari amaiera emateko irakurri den mezu osoa
«Korrika da herri bat gose
iraun baino, haginka.
Herri anbiziotsu bat
ez baita husten agiritan.
'Mintzairaren seta guk dugu, erromantiko porrokatuok,
pikuan bizi garenok, zozook'. Halaxe zioen, ironiaz,
zozo egoskor batek.
Hegazti harrapari guztiek ehizatzen dute zozoa, gautarrek
nahiz egunerokoek. Ez omen du primaderan kantatzen,
eta gure lurretan urriago dira pinu eta eukalipto
birlandaketetan, tokiko baso autoktonoetan baino.
Arrainak ura, eta euskarak ekosistema osoa.
Hizkuntzaren dimentsio guztiak izan ditzan hiztunak,
gizartearen arlo oro busti beharko du hizkuntza-politikak:
basoak, soroak, plazak, lantegiak, pantailak, iruditeria.
Egunerokoa hartu beharko du biziko bada, Beskoitzen,
Eguesibarren zein Bizkarsoro orotan.
Baina hemen gara, zozoen elean.
Ez altxor, ez oroitarri, ez toponimia. Euskarak hegemonioa
hartzeaz ari gara.
Ez agur bat, ez txapa bat paparrean, ez lur zatitu bat
Ez da fenomeno meteorologiko bat, ez gastronomia huts,
ez borondate libreko kontsumogai.
Ez da brilli-brillizko bilgarria, ez trukerako txanpona.
Ez da beste, ez besteena.
Eta batez ere, batez ere, ez da diskriminazio iturri,
ez inposizio.
Bedi gutxiago konpetentzia, eta gehiago konpromiso,
norabide, zeharlerro, harrobi-de.
'Gutarik bakoitzak anitz hizkuntza ukan ditzake; euskarak
gu baizik ez gaitu'. Halaxe zioen beste zozoren batek.
Nor izatearen aitortza, horixe dugu euskara: ez gehiago,
ez bestelako, ez gutxiago.
Oxala, hizkuntza bat balitz, eta fini.
Bestela esanda, ez dugu hazkunde lasterreko espezieen
industria laborerik nahi, tokian tokiko basoak nahi
ditugu, hangok eta hemengok babes hartzeko eta bere
egiteko, non zozoak izanen duen non kukutu, ibaiak nora
isuri, onddoak zeri heldu, eguzkiak zer urtu.
Kontingentzia planik ez: egiazko transmisioa nahi dugu.
Eta izanen bada, kolektiboa, antolatua eta lotsagabea
izan beharko du.
Elkar zainduz, bidea bizigarri eginez. Afektuaz ere ari
baikara, afektatzeaz. Konplexurik gabe. Erabakitasunez
bezala ahizpatasun haizez.
Tinko eta fermuki, ados, baina amultsu, narras, hauskor
ere bai.
Gorputzetik pasako baita, halabeharrez. Desira bada
transmisiorako bide behinena, ez dugu ahazteko
hizkuntzaren auzia politikoa dela. Eta urgentziazkoa.
Desira historia batean hasten da. Gurea egunero idazten,
kontatzen, egiten gabiltza, gero bat gaurdanik sortzen,
euskarari bere lekua munduan eta geroan finkatzen..
Mundu oso bat kabitzen baita euskaran. Noranahiko,
euskaraz gara.
Udaberrian ere kantatuko dugu zozook. Bizi gareino
kantatuko dugu; bizi deino, herri honek euskara
dantzatuko du.
Esna dadila piztia, zeren kea usaindu duelako izanen da,
eta guk badakigu sua egiten.
Biba Korrika, harro herria!».