«Euskararen erabilera eta transmisioa zertxobait jaitsi zela ikusi genuen»
Lazkaon azaleratutako egoerari erantzuteko udalak, San Benito Ikastolak eta Maizpide Barnetegiak taldeak bereziak sortu dituzte
Euskararen erabileran eta transmisioan funtsezko elementua da ingurua, bai ohiturak aldatzeko zein finkatzeko. Horren jakitun, eta aurreko legealdian Soziolinguistikaren Klusterrak egindako ikerketako ondorioak aztertu ostean, Lazkaoko Udalak, San Benito Ikastolak eta Maizpide Barnetegiak ikastolaren inguruko guraso eta aitona-amonei bideratutako proiektua diseinatu zuten pasa den ikasturtean. Haurren artean erabilera «zertxobait» jaitsi zela zehaztu zuen azterketak, aurrez San Beniton ere nabaritu zutena. Bi diagnostikoak batuta diseinatu zituzten egun Maizpide Barnetegiak eskaintzen dituen bi taldeak.
Proba pilotua 2022ko maiatzean abiatu zuten, amu modura eta lehen erantzuna tanteatzeko asmoz. «Bi hilabete izan ziren zerotik abiatutako taldearekin. Urte osokoa kolpez eskaintzea gehiegi zen», Laida Begiristain Maizpide Barnetegiko zuzendariaren esanetan. Izena eman zutenen balorazioa ezin hobea izan zen eta ekaineko azken klaseen ostean ikasleek eskatu zuten jarraipena. «Uda pasatu ostean beste deialdi bat egingo genuen jakin nahi zuten, ekainean bertan hasi ginen forma ematen ikastaroari eta iraila erdialdean abiatu zen berriro taldea».
Ikasteak gustura egotea «funtsezkoa» dela argi du Begiristainek, are gehiago zerotik abiatzen direnen kasuan. Horregatik garatu da proiektua su motelean, «pazientziarekin». Ikerketaren ondorio nagusiak herriko euskara batzordera eraman zituzten eta beharren artean «euskararen transmisioa lehenetsi zuten. «Horregatik bideratu dira ikastaroen taldeak aitona-amona eta gurasoengana».
Noticia Relacionada
«Sin paciencia no aprendes euskera»
Hiru eragileek «jendea ez erretzea» izan dute buruan eta taldeak ikasleen beharretara bideratuta dituzte: etxekoekin, ingurukoekin eta herrikideekin hitz egiteko «soltura izatea», haurrei ikastolako etxeko lan eta zalantzekin laguntzea eta Lazkaon integratzeko hizkuntza oztopo ez izatea. Ordutegiak ere ikastolarekin batera adostuak daude «haurren orduen bueltan» kontziliazioa errazte aldera.
Maila baxuagoko taldea astean hiru egunetan batzen da iraila erdialdetik, goizero hiru ordu eskainiz euskara ikasteari. Asmo beretik sortu zen bigarrena, astean lau arratsaldez ordu eta erdi, «maila zertxobait altuagoarekin». Urrian abiatu zen eta otsaila amaiera bitarte jarraituko du. Bi kasuetan ikastolako gurasoak dira gehienak, baina aitona-amonak ere badira. «Guretzat oso positiboa da beste herrialdeetatik Lazkaora etorri direnak ikasle bezala izatea. Askok ez dute jende ezagunik herrian eta honek sare bat josten laguntzen die», uste du Begiristainek.
Proiektu pilotua 2022ko maiatzean izan zen, orain maila araberako bi talde daude eta jada gabonen osteko deialdia prest dute
Jendea erakartzeko asmo horretan jada adostu dute beste deialdi bat egitea euskara ikasteko doako klase hauei jarraipena emateko. Lehen taldeak opor ostean eta ekaina bitarte jarraituko du martxan eta bigarrenak jarduna martxoa aldera berreskuratzea aurreikusten da. Bi kasuetan izen-ematea irekia dago.