Borrar
Ikastolen arteko erronkan aritu ziren bi neska gazte, pozik Kalegoen plazan, Trikidantz taldearen emanaldian. J. Leon

Euskararen aldeko aldarria eta festa, eskua emanda

Eguraldiak gehiegi lagundu ez bazuen ere, Gipuzkoako Ikastolen aldeko festak milaka euskaltzale bildu zituen atzo giro ederra izan zuen Elgoibarko herrigunean

Astelehena, 6 urria 2025, 00:15

Comenta

Igandean euria egingo zuela iragarrita zegoen. Horregatik, atzo ohetik jaikitzerakoan elgoibartar gehienek egin zuten lehenengo gauza leihotik zerura begiratzea izan zen. Zoritxarrez, iragarpenek ez zuten hutsik egin eta ekaitzak goizean goizetik egon ziren presente.

Elgoibarrek Gipuzkoako Ikastolen aldeko Kilometroak jaia hartu zuen atzo, bigarrenez. Aurreneko aldia 1996an izan zen eta orduantxe ere, eguraldi txarrak baldintzatu zuen festa.

Hori bai, orain dela 29 urte euriak eta jaia ospatzeko prestatu zuten ibilbidearen hainbat lekutan pilatutako lokatzak guztiz baldintzatu zuten festa. Atzokoan, ordea, une batzuetan euri-zaparradak izan baziren ere, jardunaldiaz gozatzeko aukera egon zen. Batez ere arratsaldean, euri tarteak goizean baino askoz txikiagoak izan zirelako.

Festaren guneak herri barruan kokatuta, elgoibartarrek eta Kilometroak jaiaren 49. ekitaldiarekin disfrutatzera Elgoibarrera bertaratu ziren milaka euskaltzaleek babesguneak izan zituzten eskura, euria egin zuen momentuetan atertu bitartean egoteko.

Elgoibar Ikastolaren komunitateak azken urte osoan zehar festa prestatzeko lanean jardun ondoren, atzokoan faena borobiltzea tokatzen zen; eta horrelakoetan hutsik egitea ez da aukera bat.

Ehun Kilo eta Trikidantz taldeek jendetza bildu zuten eta Go!azen!-eko gazteek hankaz gora jarri zuten Ikastolaren eremua

Horregatik, zerura begira bada ere, lehenengo ordutik ehunka lagun aritu ziren 2025eko Kilometroak behar bezala ateratzeko lanean. Mila bolondres baino gehiago egon ziren atzokoan lanean eta denen aurpegietan ilusioa nabaria zen.

Gauzak horrela, giro ederra bizi izan zen Aita Agirre plazan, Kalegoen plazan eta Ikastolan bertan atzoko festarako egokitutako hiru gune ezbedinetan; baita Bernardo Ezenarro kaleko azpigunean ere. Hori, nahiz eta eguraldia aurreko egunetan eskatutakoa ez izan.

Aurreikusita zegoen bezala, Euskal Herri osoko euskaltzaleen plaza nagusia bilakatu zen Elgoibar eta bertaratu zirenek zerekin gozatu izan zuten. Elgoibar Ikastolako ordezkariek jaiaren egitaraua eta bestelako xehetasunak ezagutzera emateko orain dela egun batzuk egin zuten agerraldian 2025eko Kilometroak jaia «adin guztiei begirako egitarau bete-betearekin» zetorrela nabarmendu zuten. Eta halaxe izan zen.

Familian eta lagun artean

Gipuzkoako Ikastolen aldeko festan urtero gertatzen den bezala, era guztietako familiak eta lagun-taldeak bertaratu ziren atzo Elgoibarrera Kilometroak jaiarekin disfrutatzeko.

Aita Agirre plazako karparen ondoan Mikel, Xabier, Oihan, Leire eta Ane zeuden, tragotxo bat hartzen eta lasai asko solasean; beren seme-alabak ondoko jolas-parkean aritzen ziren bitartean: «Zarauzko Ikastolako gurasoak gara eta saiatzen gara Kilometroak jaiarekin hutsik ez egiten. Guk ondo pasatzen dugu eta gure haurrak... zer esanik ez!».

San Bartolome parrokiako arkupeetan ipinitako egur-jolasetan murgilduta Ekhi, zortzi urteko ume eibartarra zegoen, Arkaitz bere aita ondoan zuela: «lehen aldia da semearekin etortzen garela Kilometroetara eta ailegau bezain pronto aitxitxa eta amamarekin elkartu gara. Beraz, hemen gaude eguna jai giroan eta familian pasatzeko prest. Umea entretenituta dago, primeran!».

Maddi, Ainitze, Libe, Nahia, Izaro eta Laia gazteen lagun taldeak plan ezberdina zuen. 14-15 urteko tolosar hauek «festaren erronkan parte hartzen ari diren gure ikastolako ordezkariak ikusi eta animatzera» etorri ziren; eta nola ez, «ondo pasatzera». Neska jator hauek gurasoekin bizi izan dute Kilometroak jaia aurretik, «txikitan»; baina atzoko esperientzia berria zen beraientzat eta ez dute ahaztuko: «kuadrillan pasatzen dugun lehen Kilometroak da hau eta eguraldia oso ona ez bada ere, oso ondo ari gara pasatzen», zioten bazkaltzera joan aurretik.

Jai giroa goizean goizetik zegoen baina festa usaina, bereziki, arratsaldean nabaritu zen, euri tarteak txikiagoak izan zirenean

Elgoibarko kale eta plazetan jai giroa goizean goizetik nabaritu zen atzo, baina festa usaina, bereziki, arratsaldean sumatu zen.

Haurrentzako jolasetan, tailerretan edota puzgarrietan jende asko ibili zen igandean zehar. Hala ere, Kilometroak bezalako jaietan normalean gertatzen dena errepikatu zen Elgoibarren: ekitaldi jendetsuenak kontzertuak izan ziren.

Arrakasta izan zuten emanaldi batzuk aipatzearren, Ehun Kilo talde elgoibartarrak jendetza bildu zuen Aita Agirre plazaren ondoko eszenatokiaren bueltan; Trikidantz taldeak Kalegoen plaza bete zuen; eta Go!azen!-eko gazteek... hankaz gora jarri zuten Elgoibar Ikastolaren sarrera nagusiaren aurrean izaten den aparkalekuan egokitutako eszenatokia.

Eguraldiak gehiegi lagundu ez bazuen ere, milaka pertsona izan ziren atzo Elgoibarren Kilometroak festarekin disfrutatzen.

2026an Gipuzkoako Ikastolen aldeko jaiak 'Urrezko Ezteiak' egingo ditu eta ospakizuna Lazkaon izango da. Festa jarrai dezala!

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Euskararen aldeko aldarria eta festa, eskua emanda

Euskararen aldeko aldarria eta festa, eskua emanda