Euskaraldiak entitateei proposamen erakargarriagoa egin die aurten
Irsearaba, Osasuna eta Luma Baionako ordezkariak udaberriko ariketa sustatzeko prest azaldu dira
Euskaraldiak entitateei dei egin die gaur, udaberrian egingo den ariketa sozialean inplikatu daitezen. Urria ezkero irekia dago izena emateko epea, eta milaka badira ere dagoeneko konpromisoa hartuta dutenak, enpresa nahiz erakunde gehiago batu nahi ditu egitasmora. Horretarako, proposamena erraztu eta erakargarriagoa bilakatu dute. Batetik, bakoitzaren errealitatera egokituz. Izan ere, herriz gaindiko erakundeak eta txikiak direnak ez dituzte baliabide berak. Bestetik, betebehar burokratikoak ere gutxitu dituzte, parte hartzea erosoagoa izan dadin.
Euskaraldia entitateetan nola zabaldu eta landu daitekeen argitu dute gaur San Telmo museoan egindako prentsaurrekoan. Goiatz Urkijo koordinatzailearen esanetan «jakitun gara oso garrantzitsua dela Euskaraldiak entitateetan duen eraginaz. Eta ez entitateetan bakarrik, bertako kide askorentzat ere entitatea da euskaraz hitz egiteko duten eremu bakarra».
Entitateak aipatzen direnean askotariko eremuak barnebiltzen ditu, izan ere, lantokiak badira entitate, baina baita kirol edo kultur elkarteak, eta denda edo tabernak ere. Eremu horietako ordezkariek izango dute nolako ariketa egin nahi duten hautatzeko aukera. Izan ere, aurten, oinarrizko egitekoak aurrera eramateaz gain, euskararen erabileran bestelako urratsak emateko aukera ere izango dute entitateek. Honakoak izango dira entitate batek Euskaraldian parte hartzeko aurrera eraman beharreko oinarrizko egitekoak: kideak Euskaraldian inguruan informatu, prestatu eta ariketa ikusgarri egin.. «Oinarrizko egiteko horiek izango dituzte izena ematen duten entitate guztiek» gaineratu du Goiatz Urkijok. Eta, gainera, lanketa sakonagoa egiteko aukera ere emango zaie izena ematen duten entitate guztiei. Bestelako urratsak ematea hautatzen dutenei «euskararen erabilera sustatzeko aurrerapausoak ematea proposatuko diegu, hala nola, ariguneak sortzea, bilerak euskaraz egiteko neurriak hartzea, mintzatratuak adostea…» esan du Urkijok.
Irsearaba gizarte ekimenerako kooperatiba da, gizarte eskuhartzearen alorrean egiten du lan. 2023an Euskara lantaldeak bultzatuta, plangintza global baten aldeko apustua egin zuten, erabilera bultzatzeko xedearekin. Idoia Martinez de Lahidalga eta Sergio Jimenez entitateko ordezkarien esanetan orain Euskaraldiarekin lortu nahi dute «euskararen erabilera areagotzea bai langileen artean baita lan egiten dugun pertsonekin ere, eta Euskaraldian hartutako jarrera epe luzera mantendu nahi genuke. Lotsak alde batera utzi eta euskara aktibatzeko». Haien kasuan, egun, Egunon eta Mintzatratu dinamikan entitateko hiru zerbitzutan egiten dute, eta Euskaraldiko egunetan ariketa erakunde osora zabaltzeko asmoa dutela aurreratu dute.
Aurreko ediziotan Euskaraldian parte hartu ez bazuten ere, oraingo honetan «gogotsu» ekingo diote ariketari, izan ere, «euskara normalizatzeko dinamika bat da eta bidea oinez egiten denez, pauso hori emateko egitasmo ezinhobea dela pentsatzen dugu» diote kooperatibako kideek, eta gainerako entitateak Euskaraldira batu daitezen animatu dituzte.
Luma Baiona euskarazko murgiltze ereduko haurtzaindegi da, eta Patxi Amulet elkarteko kideak ere beren esperientzia partekatu du agerraldian. 2008 urtean sortu zen Luma Baiona «ez baitzen baionar ttipiendako tokirik aski haurtzaindegietan. Gainera, ez zen ttipientzako euskarazko eskaintzarik: ez elebidun, ez murgiltze ereduetan» dio Amuletek. Agerraldian aipatu zutenez, Luma Baionaren helburua ere bada etorkizunerako hiztun euskaldunen sortzea.
Baionako entitateak Euskaraldian izena ematea erabaki du «euskararen sustapena eta transmisioa Luma Baiona Haurtzaindegiaren proiektuaren bihotzean direlako». Euskarazko murgiltze egitura gisa, haien «engaiamendua» indartu nahi dute hizkuntzaren eguneroko erabilpenaren alde, bai haurrekin, bai familiekin. Amuletek gaineratu duenez, «Euskaraldiaren garaian euskaldunak ez diren familien inplikazioa indartzen saiatuko gara, dela etxean euskara gehiago erabiltzea bultzatzen, dela familiekin euskarazko elkartruke-momentuak sortzen».
«Keinu txiki bakoitzak balio du» azpimarratu du Luma Baionako ordezkariak. Izan ere, Euskaraldia ingurune euskaldunago baterantz urrats bat gehiagoren egiteko denboraldia da, eta beste batzuei eredu ematea.
Osasuna kirol taldeak ere parte hartu du agerraldian, modu digitalean bada ere. Bertaratu ezin zutenez bideo bidez egin zituzten Euskaraldiaren inguruko euren ekarpenak. «Guk beti esan izan dugu osasunak euskaraz zuela izena baina izana erdalduna izan duela urte askotan» esanez hasi du hitzartzea Mikel Erbiti Osasuna klubeko kideak. Egoera hori aldatu egin zen 2017an bazkideek hala eskatuta urte horretan egin zuten batzar nagusian. «Hizkuntza eta aholkularitza batzordea sortu genuen orduan eta bidea hasi» dio Erbitik.
Euskaraldiarekin helburu bi dituztela aipatu dute: barne mailan ariguneak sortzea, euskaldunon artean talde lanak euskaraz egin ahal izatea eta klub barruan euskararen normalizazioa bultzatzea. Kanpora begira, berriz, «helburua da zaleek sentitzea, euskara haiena den bezala, Osasunarekin duten harremana euskaraz ere egin dezaketela» gaineratu du Erbitik.