Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
2019an Donostiatik igaro egin zen 21. Korrika. 22.a amaitu egingo da bertan. ARIZMENDI
22. Korrika

«Elkartzeko eta horrelako ekimen bat partekatzeko gogoa daukagu»

Eszenatoki posible onentsuenean hasiko da Korrikaren 22. edizioa datorren ostiralean, Amurrion

Domingo, 27 de marzo 2022, 07:27

Comenta

Bihar goizean emango dute Gasteizen –San Miguel elizako balkoian, zehazki– 22. Korrikaren hasiera eguneko jaiaren eta hasiera ekitaldiaren nondik norako nagusien berri. Azken xehetasun horien faltan, dena prest dago datorren ostiralean, martxoaren 31n, 22 edizio eta 42 urte betetzen dituen Korrika Amurriotik irteteko, arratsaldeko 16:30ean.

Hamaika egunez Euskal Herriko itzulia burutu ondoren, apirilaren 10ean helduko da, goizean goiz, edizio hau hartuko duen azken udalerrira, Donostiara. Hamaika egun horietan AEK, Korrikaren ardura zuzena duen lantaldea, laguntzaileak eta Euskal Herri osoan barreiatuta lan eskerga egiten duten boluntarioak saiatuko dira «Korrika ahalik eta normalena» bideratzen eta bizitzen.

«Jenderik gabe, kalerik gabe eta errepiderik gabe ez dago Korrika egiterik», aitortu zuten 2020ko udazkenean, 2021ean tokatzen zen Korrika 2022ra atzeratzeko erabakiaren berri eman zutenean. Horregatik zen horren garrantzitsua aurtengoan bermatzea jendea, kalea eta errepidea.

ZENBAKITAN

  • 11 egun 24 orduko etenik gabeko martxan, martxoaren 31tik apirilaren 10era arte.

  • 2.500 kilometro inguru Amurrio eta Donostia lotzeko, Euskal Herriko lurralde guztiak korrituz

«Erabaki traumatiko batetik gatoz, baina egun egoera bestelakoa da, eta pandemian egon arren ematen du gauzak ohiko baldintzetan egiteko moduan gaudela. Beharrezkoak diren segurtasun neurriak hartuta eta elkar zainduz, jakina», adierazi du Asier Amondo Korrika arduradunak.

Azken momentura arte, baina, aukera guztiak izan dituzte mahai gainean, seigarren olatu bortitzaren atarian geundela jakin gabe azaroan Korrika 2022ko udaberrian egingo zela baieztatu zutenetik ezinezko aukera bakarra zelako Korrikarik ez egitea.

«Betikoaz gain, beste bi edo hiru Korrika ere bageneuzkan aurreikusita, baina A planari eutsiko diogu, eta B, C eta D planak kajoian geldituko dira, gordeta. Espero dezagun inoiz ez izatea horien beharrik», dio Amondok.

Aurreikuspen baikorrak

Eszenatoki posible onentsuenean hasiko den Korrika honetan, alegia, berebiziko garrantzia izango du pertsonen arteko harremana berreskuratzeak. Aurretiko urratsetan eta Korrika girotzeko antolatzen ari diren jarduera ugarietan ari dira igartzen grina hori. Asier Amondo ikusten ari denaren arabera, «elkartzeko eta horrelako ekimen bat partekatzeko gogoa dauka jendeak».

Horrenbestez, «ezustekoak beti daude, baina aurreikuspenak oso onak dira, pozik gaude. Jende asko hurbildu da laguntzera, kilometroak inoiz baino lehen bete dira, Korrika pasatzen ez den herri askotan ere hartu dituzte...». Azken urteetan bezala, nazioartean ere hedatzen jarraitzen du Korrikak.

IBILBIDEA

  • APPa. Ibilbidearen xehetasunak eta unean-uneko egoera kontsultatzeko biderik aproposena gailu adimenduentarako aplikazioa da.

  • Berrikuntzak. Bilatzaile hobetua eta estaldura arazoak ekiditeko sistema.

  • Eskuragarri . Android eta IOS sistema eragileen dendetan.

  • Webgunea Informazio dena, laguntzeko modu desberdinak barne, www.korrika.eus-en.

  • Bestelakoak @aek.korrika (Facebook). @AEK_eus (#AEK eta #Korrika-ren twitter kontu ofiziala). aek.eus (Instagram). Telegramen eta YouTuben ere baditu kanalak.

Milaka eta milaka lagun daude, hortaz, Korrika den esperientzia aparta bizitzeko irrikaz. AEKk ere behar du 22. Korrika arrakastatsua izan dadin. Izan ere, «azkeneko bi urteak oso gogorrak izan dira. Pandemiaren lehen ikasturtean ikasleen galera %10-12koa izan zen; bigarren honetan zerbait errekuperatu da, baina %6 ingurukoa izan da hala ere. Horri aurre egin behar izan diogu lurralde guztietan –batez ere Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian– euskara baldintza bertsuetan ikas daitekeela bermatzeko ezinbestekoa den Korrikarik gabe. Pentsatzen dugu hurrengo ikasturtean itzuliko garela pandemiaren aurreko datuetara, baina Korrika hau oso garrantzitsua da AEKrentzat».

Beretzat ere garrantzitsua da, berezia, bere eskualdetik abiatuko delako, Aiaraldetik, non azken urteetan hainbat ekimen –gazteek bultzatuak ia denak– ari diren erakusten euskara berreskuratzeko eta hedatzeko orduan ez dela ezinezkoa berritzea, are gutxiago hitzetatik ekintzetara igarotzea.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Elkartzeko eta horrelako ekimen bat partekatzeko gogoa daukagu»

«Elkartzeko eta horrelako ekimen bat partekatzeko gogoa daukagu»