Donostiara iritsiko da igandean EuskarAbentura espedizioa
Larunbat honetan Lezo dute helmuga, baina aurretik, Hondarribian, Xabi Solanoren zuzenekoaz gozatuko dute Urtantak jaialdiaren baitako kontzertuan
Larunbata, 23 uztaila 2022, 12:44
Ostiralean atseden eguna Urruñan igaro ondoren, larunbat honetan, uztailak 23, berriro jarriko dira martxan jzioquitarrak, Lezo dutelarik helmuga. Atseden egunak, baina, ez du esan nahi eguna ezer egin gabe igaro zutetik. Aitzitik, egun bete-betea izan zuten. Goizean Euroeskualdeko ordezkariak hurbildu ziren pilotalekura ordu pare bat pasatzera. Jolas-ginkana bat egin zuten eta Marie Heguy-Urain misio kargoduna pozik agertu zen espediziokide gazteak «oso motibatuta» ikusi zituelako. «Kuraia on!», esan zien, eta azken txanpan «indartsu» segitzera animatu zituen.
Meme-tailerra ere egin zuten taldeka antolaturik. Iametza-k garatu duen Memeka.eus webgunea baliatu dute horretarako. Eta, arratsaldean, Euskal Irratiak sareak martxan duen 'Ongi Etorri Lagun' txapelketa radiofonikoan hartu zuten parte. Antxeta Irratiaren estudio ibiltaria hurbildu dute Urruñako frontoira, eta bertatik aritu dira norgehiagokan.
Larunbat honetan, oinezko bideari berrekin diote, eta Gipuzkoara sartuko da EuskarAbentura 2022 espedizioa. Urruñan hasi eta Hondarrabian bukatuko dute etapa; bertan Urtantak kontzertuarekin bat egingo dute, eta Xabi Solanoren zuzenekoaz gozatuko dute. Egunaren amaieran trena hartuko dute Lezora heltzeko. Igandean Donostiara iritsiko dira gazte espediziokideak; handik, hurrengo egunean, Zarautzera. Eta aurrerago Zestoa, Getariara... Urola Kostan murgilduko da espedizioa, apurka-apurka azken txanpara hurbilduz.
Azken egunak ere ez dira izan ahazteko modukoak. Uztailaren 19an Amaiurrera heldu ziren espediziokideak, eta Gaztelu Beltzaren sitioaren 500. urteurrenean, gertakari haien berrikusketa egin zuten Asisko Urmeneta komikigilearen eskutik. Uztailaren 20an, berriz, kontrabandisten antzera, gauaren iluntasunean zeharkatu zuten Nafarroa Garaiaren eta Baxe Nafarroaren arteko muga; gaueko etapa izan zen, Amaiurtik Bidarraira. Bertan, hitanoari buruzko tailerra egin zuten Ritxi Lizartza euskaltzalearen eskutik eta, egunaren amaieran, trenez mugitu ziren Baionara. Autobusez egin zuten, berriz, Baiona eta Miarritze arteko tartea 21ean. Eta, gero, oinez iritsi ziren Urruñaraino: 25 kilometro luze Lapurdiko kostaldean.