Rilke dentistan
Rilkek gizaki bat eta aingeru bat jarri zituen ispiluaren aurrean Duinoko bere elegietan. Poemategiaren hasiera gogoangarri hartan iradokitzen du ederra dena beldurgarria denaren hasiera besterik ez dela, jasan dezakegunaren muga. Lêdo Ivo poeta brasildarrak dentistara bidean jartzen du Rilke bere poemetako batean. Aingerurik gabe doa, edo denak doaz berarekin, ezin jakin. Berlinen gaude, udazkenean. Ezkien hostoak txori isilen gisara erortzen dira. Oinaze txikietarako egina al da oinaze handietarako halako argitasuna erakusten duen poeta? Soinean beroki trinko bat daramala zeharkatzen du hiri burrunbatsua. Litekeena da Maria von Thurn und Taxisen oparia izatea. Rilke dentistaren kontsultara doa burumakur. Bidera ateratzen zaizkion kaleak gainera datozkion olatuak begitantzen zaizkio.
Lierni Azkargortaren poema baten hitzak etor dakizkioke gogora, nahiz biak garaikideak ez izan: «Zergatik nago hain bizirik hiltzen, eta ez beste edonor bezala hain hilik bizitzen?». Ziur nago Rilkek bere egingo lituzkeela hitzak, batez ere dentistaren tresneriak aurki eragingo dion min fisikoaren atarian. Larritasuna bazterrera egiten saiatzen da, eskutik helduta doaz bizitza eta heriotza, eta ezein muga ez da gai ikusezina eta ikusezina bereizteko. Besteontzat lanbroa baino ez den horretan inork baino argiago ikusten du Rilkek, anestesiaren beharrik gabe. Atera poltsikotik ogi puska bat, xehatu, eta haizearen mende uzten ditu zatiak, zuhaitz baten oinean. Aingeruei itzuliko dela esateko bere modua da.