Laguntza txakurren erregistroa sortu du Gipuzkoako Foru Aldundiak
Desgaitasuna duten pertsonek erabilera publikoko edozein tokitan sartu ahal izango dute euren txakurrekin
Joseba Zubialde
Jueves, 12 de marzo 2015, 16:28
Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntza txakurren erregistroa sortzea ahalbidetzen duen foru dekretua onartu du. Horren bitartez, era honetako txakur baten laguntza behar duen orori bermatzen zaio harekin batera erabilera publikoko edozein toki, denda, ostatu edo garraiotan sartzeko, ibiltzeko edo egoteko eskubidea.
Ander Rodriguez Gizarte Politikako diputatuak adierazi duenez, Hernaniko herritar bati denda batean bere laguntza txakurrarekin sartzea debekatu ziotenean jabetu ziren "hutsune bat zegoela, eta egoera hori errepika ez dadin onartu da foru dekretua.
Erregistroaren sorkuntza ostegun honetan aurkeztu da Donostian, eta lan horretan ONCE Fundazioarekin ibili da lankidetzan Foru Aldundia. Gipuzkoan guztira 16 laguntza txakur daude, 37 Euskal Autonomi Erkidegoan, batez ere pertsona itsuei euren egunerokoan laguntzen dietenak.
Aurkezpenean Ana Mujika eta Javier García egon dira, beraien txakurrekin batera, Duchess (Golden retriever) eta Dover (Labrador retriever). Animali hauen laguntzari esker independentzia eta askeago sentitzea lortu dutela azaldu dute, baina, batez ere, segurtasun handiagoa ematen dizu txakurrarekin joatea makilarekin baino, ez zaude beti pentsatzen zein oztopo aurkitu dezakezun bidean.
Belen Encina ONCE Donostiako zuzendariak Fundazioak urtero ehun txakur baino gehiago prestatzen dituela azaldu du, eta 31.000 euroko kostua suposatzen duela. Hala ere, kupoiaren eta bestelako jokoen bitartez lortutako diruari esker, ONCEko kideek txakur hauek doan jasotzen dituztela azpimarratu du.
Mujikak gogorarazi nahi izan du txakurrak arnesa daramanean badakiela lanean ari dela, eta horregatik, jendeak jakin behar du ez duela nahastu behar, ez duela bera ukitzera edo laztantzera joan behar, ezta arnesetik heldu ere, horrekin guztiarekin arreta galdu dezakeelako.