Euskara planak negoziatzeari Confebaskek uko egin diola salatu dute
ELAk eta LABek egindako eskaerari entzungor egin ostean bi sindikatuek eta Kontseiluak patronalaren jarrera arduragarritzat jo dute
Osteguna, 24 otsaila 2022, 17:07
ELA eta LAB sindikatuek eta Euskalgintzaren Kontseiluak Confebaskek euskara planak negoziatzeko aukerari uko egin diela salatu dute. Ohar bitartez jakinarazi dutenez, astearte honetan, otsailak 22, ELAk eta LABek bilera izan zuten Confebaskekin, CCOOekin eta UGTrekin eta bertan langileen ordezkaritzak edo enpresarenak Euskara Planak negoziatzea eskatzen duten lantokietan negoziazioa irekitzeko konpromisoa hartzeko eskatu zuten.
Testuaren arabera CCOOk eta UGTk eskaera propioak zituzten ekimen honen bueltan, eta negoziazioa martxan jartzeko prest azaldu ziren. Confebaskek, berriz, uko egin dio negoziazioa irekitzeari.
Orain urtebete hiru eragileek «lan mundua euskalduntzeko dinamika» abiatu zuten, lantokietan euskararen erabilera areagotzeko eta enpresek erabilera normalizatzeko planak sortzeko. «Enpresen botere harremanek langile euskaldunak erdaraz lan egin behar izatea dakar, eta, horregatik, aldaketa bat ezinbestekoa da», aldarrikatu dute.
Ildo horretan, patronalaren jarrera «harritzekoa eta arduratzekoa da», izan ere euren ustetan horrela «ezinezkoa izango da inoiz euskaraz lan egin nahi duten langileek horretarako aukera izatea». Hori dela-eta, gutxieneko adostasuna lortzeko deia egin dute hiru eragileek aurrez ezarritako obligaziorik gabe.