«Barriola ez dut zuzenean ikusi pilotan, etxean bideoan bakarrik»
Goiuri Zabaleta leitzarrak 15 urterekin lortu du finalerako txartela. Eskarmentudun Amaia Aldairi egingo dio aurre lau t'erdi barruan.
– Noiz hasi zinen pilotan?
– Bederatzi urterekin. Pilotan eta futbolean aritu naiz, baina gehiegi zen eta futbola iaz utzi nuen. Beti nahiago izan dut pilota.
– Aurrera futbol taldeko kide zinen?
– Bai, hori da. Zelai erdiko jokalaria.
– Leitzako frontoian ala plazan hezitakoa zara.
– Frontoian. Nire adineko mutilak ikusten nituen, probatu nuen behin, izena eman eta aurrera.
– Beste neska pilotaririk bazen?
– Bat, ni baino bi urte zaharragoa. Futbola aukeratu zuen. Orain badira neskato gehiago. Zaharrena ni naiz.
– Leitzan ez duzu erreferenterik falta izan.
– Oinatz Bengoetxea, Abel Barriola... Kalean asko ikusi ditut. Eta asko gustatzen zait Joseba Ezkurdiaren jokoa. Gogoko dut.
– Barriolak bere azken partida jokatu zuenean zuk zortzi urte baino ez zenituen.
– Etxean bideo batzuetan ikusi dut, zuzenean kantxan ez.
– Zenbat bider parte hartu duzu Abanca Bankoa-DV txapelketan?
– Bigarren aldia dut hau. Iaz Gamindek kanporatu ninduen final-aurrekoan. Indarra hartu dut eta irabazteko gai ikusten dut nire burua.
– Nolako aurkaria da Amaia Aldai?
– Oso indartsua. Fin egin beharko da lan hura gainditzeko.