Borrar
Herri Kirolak

Ugaitz Mugertza da lehenengo txapelduna

Mutrikuarrak erakustaldia eman du Azpeitin Euskal Duatloi txapelketan eta modalitate berriko errege bihurtu da

Viernes, 7 de enero 2022, 07:25

Comenta

Ugaitz Mugertza mutrikuarra da Euskal Duatloiko lehenengo txapelduna. Aurreneko edizioa jokatu zen Azpeitiko zezen plazan eta Mugertzak erakustaldia eman zuen. Etzanda 45 ontzako lau enbor mozten, lau kilometro korrika eta beste 45 ontzako lau enbor, hauek zutik, mozten 32 minutu eta 31 segundo behar izan zituen. Minutu eta zortzi segundoko aldea atera zion Arkaitz Jauregi bigarren sailkatuari eta bi minutu eta 18 segundo Eneko Saralegi, hirugarren sailkatuari.

Ugaitz Mugertza lehenengo txandan aritu zen Aratz anaia eta Aritz Irazabalen aurka. Behin bere lana amaituta beste bi txandak amaitzeko zain egon zen eta nahiz eta ordura arte marka onena egin eta garaipena gertu izango zuela argi egon, Mugertza ez zegoen gustora eginiko lanarekin. Korrika lotuta aritu zela zioen eta ez zen etxeko lanetan bezala aurkitu. Korrikako lau kilometroak 15 minutu eta 48 segundoan egin zituen eta horrek esan nahi du etxean hiru minutu eta 45 segundo inguruan edo azpitiko erritmoan kilometroa aritu izan dela. Erritmo benetan azkarrak eta proba honetarako bere gaitasuna erakusten du. Historiako korrikalari eta aizkolari onenen artean kokatzeko aukerak baditu mutrikuarrak. Lehenengo harria jarri du eta Euskal Duatoliko lehenengo txapelduna da, ez da gutxi.

Bederatzi kirolari aritu ziren Azpeitin. Azken orduan Xabier Zalduak ezin izan zuen parte hartu. Aurretik, COVIDaren ondorioz, gaixo eta konfinatuta egon ondoren ez zegoen sasoirik onenean eta ez parte-hartzea erabaki zuen. Bere ordez, David Naredo asturiarrak hartu zuen parte. Duatloilariak hiru txandetan plazaratu ziren.

Lehenengo txandan aipaturiko Ugaitz Mugertza, Aratz Mugertza eta Aritz Irazabal aritu ziren; ondoren Eneko Saralegik, Julen Kañamaresek eta Ioritz Gisasola 'Zelai IV.ak' hartu zuten erreleboa eta txapelketa Arkaitz Jauregi, David Naredo eta Oier Kañamaresek itxi zuten.

Ugaitz Mugertza, hasieratik

Ugaitz Mugertza Gipuzkoako aizkolari txapelduna izan da, urte askotan punta punta dabil eta Euskal Herriko aizkolaririk onena da. Gainera, ez da astuna eta horrek korrikarako gorpuzkera egokia duela erakusten du. Beraz, jakina zen irabazteko hautagai sendoenetakoa zela. Aizkorako lehenengo lau enborretan erraz aritu zen, jakinda ondoren zetorrela gogorrena. Irazabal gertu izan zuen eta 5 minutu eta 39 segundoan ebaki zituen.

Korrika hasi eta berehala ikusi zen bere denborak oso onak izango zirela, kilometroa lau minutu azpitik egin zuen eta erritmo horri eutsi zion ondorengo hiruetan. Zutikako lanean ere ongi moldatzen da eta abantaila sako handitu zuen. Amaieran 32 minutu eta 31 segundoko denborarekin 5:29an gainditu zuen anaiaren denbora eta 8:03an Irazabalena.

Bigarren txandan berdintasun handiagoa egon zen hiru kirolarien artean. Aizkorako lehenengo lanean Julen Kañamaresek Mugertzaren denbora ere gainditu zuen, baina korrika ikusi zen ez zuela aukerarik. Alderantziz Saralegik korrika ongi egin zuen, nahiz eta barea jarri zitzaion eta horrek erritmoa jaitsi arazi zion. Minutu eta 22 segundoko atzerapena zuen lau kilometroak amaituta eta azkenean hirugarren postua eskuratu zuen 34:49ko denborarekin. Kañamaresek 37:19an gelditu zuen kronometroa eta Zelai IV.ak 39:39an. Gehiago espero zen bizkaitarraren aldetik, baina ez zitzaion inoiz eroso ikusi.

  • Euskal Duatloia

  • 1. Ugaitz Mugertza 32-31

  • 2. Arkaitz Jauregi 33-39

  • 3. Eneko Saralegi 34-49

  • 4. Oier Kañamares 36-37

  • 5. Julen Kañamares 37-19

  • 6. David Naredo 37-53

  • 7. Aratz Mugertza 38-00

  • 8. Ioritz Gisasola 39-39

  • 9. Aritz Irazabal 40-34

Aurkari gogorrena hirugarren txandan izan zuen Mugertzak. Arkaitz Jauregi espezialista dela jakina zen. Arriaren aurkako apustuan, orain urte batzuk, erakutsi zuen bere gaitasuna eta gehien gerturatu zena izan zen.

Aizkorako lehenengo lanean Mugertzaren denboran ibili zen, baina korrika minutua eta 10 segundo mantsoago egin zuen. Nahiz eta zutikako lanean bi segundo gutxiago behar izan, minutua eta zortzi segundora amaitu zuen. Oier Kañamares izan zen korrika bigarren azkarrena eta Saralegi eta Jauregiren aurretik egin zuen segundo gutxi batzuk, baina zutikako lanean galdu zuen denbora gehien eta laugarren amaitu zuen. David Naredo asturiarrak itxura oso ona eman zuen aizkoran eta guztira seigarren amaitu zuen.

Mikel Larrañagak eta Iker Vicentek apustua itxi dute apirilerako

Gaur egungo bi aizkolaririk onenek, Mikel Larrañagak eta Iker Vicentek, apustua itxi zuten asteazkenean Tolosako Kantabriko tabernan.

Mikel Larrañagak jarri zuen hitzordua eta Iker Vicente bere koadrilarekin bertaratu zen Tolosara. Bi aizkolariak akordiora iritsi ziren eta desafioan sei oinbiko (72 ontzako enborrak) eta hamabi kanaerdiko (54 ontzako enborrak) ebaki beharko dituzte. Tolosako zezen plazan jokatuko da apustua eta alde bakoitzak 7.000 euro jokatuko ditu. Apirilaren 2an edo 9an izango da eta azpeitiarrak sei oinbikoak eta bi kanaerdiko eramango ditu eta otsagabiarrak hamar kanaerdiko plazaratuko ditu. Egurrak Larrañagak jarriko ditu egun bat lehenago zezen plazan.

Beste apustu bat ere izango da apirilean. Eneko Otaño eta Xabier Orbegozo 'Arria V.a' 20 kanaerdikotara neurtuko dira.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Ugaitz Mugertza da lehenengo txapelduna