Maiatzaren errugby-finaletan parte hartzera deitu dute
EPCR Challenge Cup eta Investec Champions Cup maiatzaren 22an 21:00etan eta 23an 15:45ean jokatuko dituzt
DV
Astelehena, 8 abendua 2025, 17:47
2026ko errugbi-finalaren harira 'Gure arbasoen indarra' lelopean Euskadin bigarren aldiz egingo den erreferentziazko nazioarteko kirol-ekitaldian parte hartzera deitu dute antolatzaile eta sustatzaileek. EPCR Challenge Cup 2026 eta Investec Champions Cup 2026 txapelketa finalak maiatzaren 22an (ostirala, 21:00etan) eta maiatzaren 23an (larunbata, 15:45ean) jokatuko dituzte, hurrenez hurren, San Mames estadioan. Kluben errugbi-txapelketa ospetsuenetariko bi dira, eta munduko 42 errugbi-klubek parte hartzen dute. Sarrerak, orotara 24.000 partidako, jada eskuragai daude
Aste bukaera honetan hasi dira sailkatze-partidak. Talde-fasearen hurrengo txandak 2026ko urtarrileko ondoz ondoko bi asteburutan jokatuko dituzte. Kanporaketa-faseak apirilaren 3ko, 4ko eta 5eko asteburuan hasiko dira, final‑zortzirenekin; ostean, apirilaren 10ean, 11n eta 12an final-laurdenak eta maiatzaren 1eko, 2ko eta 3ko asteburuan finalaurrekoak egingo dituzte.
Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Lehenengo Lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburuak honako hau nabarmendu du: «San Mamesen jokatuko diren finalak gure Herri baloreen erakusleihoa izango da. Errugbiak eta gure herriak, Euskadik, hainbat balore partekatzen dituzte, gure arbasoengandik jasotako baloreak: komunitatea, esfortzua, disziplina, errespetua, elkarbizitza, aniztasuna, identitatea… finaletara datozenek zelai bat baino gehiago ikustea nahi dugu: herri bat ikustea nahi dugu, komunitate bat, bizirik dagoen kirol kultura».
Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak honako hau nabarmendu du: «Final hauek lurralde legez jokatuko ditugu, talde legez irabaziko ditugu, eta zale legez ospatuko ditugu. Pase bakoitzak bere balioa dauka; aurrerapen bakoitzak gehitu egiten du, eta ahalegin bakoitza garrantzitsua da. Berriro ere, Bizkaia prest dago ateko marra indartsu, elkartuta eta bere gaitasunaz konbentzituta zeharkatzeko. Horregatik, herritar guztiei dei hau egiten diet: egin dezagun 2018an baino hobeto. Bete ditzagun gure kaleak, gure harmailak. Erakuts dezagun berriro ere Bizkaiak liga handietan jokatzen duela. Guretzat, final hauek nazioartera zabaltzeko, gure ospea eraikitzeko, herrialde-marka bat eraikitzeko bidea dira».
Bestalde, Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak azpimarratu du «hirian eta hiritarrengan mota horretako ekitaldiek daukaten garrantzia. Orokorrean kirola sustatzeaz gain, partiden aurretik eta ondoren errugbian jokatzeak zabaltzen dituen balioak ere sustatzen dira». Aburtok bere burua «pozik» azaldu du «euskal erakundeek eta federazioek egindako lanagatik, finaletan dena ondo joan dadin» eta EPCRri eskerrak eman dizkio «bigarrenez San Mames estadio ikonikoa aukeratzeagatik Europa kontinenteko talderik onenen nazioarteko jokalekua izan dadin».