Murias taldea, tropeleko euskal ernamuina
Jon Odriozola kirol zuzendari oñatiarraren proiektu berria aurkeztuko dute gaur eguerdian Bilbon
joseba lezeta
Miércoles, 29 de octubre 2014, 17:55
Euskal txirrindularitzak 2015eko profesional mailako tropelean izango duen ordezkaritza ez da soilik karreristetara mugatuko. Murias eraikuntza-etxearen babesari esker, talde bat ere irtengo da errepidera, hirugarren mailan, hori bai, kontinental izenekoan. Bilbon gaur eguerdiko hamabietan emango dituzte proiektu berriari buruzko zehaztapenak, txirrindularien izenak barne. Hala espero da behintzat.
Hamar edo dozena bat gazte bildu nahi ditu Jon Odriozola kirol zuzendari eta, aldi berean, taldearen sustatzaile nagusiak. Euskal harrobikoak guztiak, gipuzkoar, bizkaitar, nafar eta arabarrak. Izen batzuk ere mahai gainean jarri dituzte hedabideek zein zurrumurruek, Muriasek eta Arratiako Ziklista Elkarteak taldearen sorrera baieztatu zutenetik.
Egoitz García atxondoarrak, Frantzian hiru denboraldiz Cofidis taldean aritutakoak, eskarmentua emango dio taldeari. Hogeita zortzi urte ditu eta 2010ean egin zuen debuta Caja Ruralekin. Haren babesa beharko dute hasiberriek.
Dirudienez, Jon Odriozolak desagertu berri den Euskadi talde kontinentaletik Beñat Txoperena igantziarra berreskuratuko du. Ondo ezagutzen du kirol zuzendari oñatiarrak. Izan ere, bere esanetara izan zuen amateur mailako Gipuzkoan.
Gainera, Mikel Bizkarra mañariarrari zein Aritz Bagües donostiarrari eta Jon Ander Insausti mutiloarrari profesionaletara igotzeko aukera emango die Muriasek. Aukera bezala, indarra hartu du baita Eneko Lizarralde bergararraren izenak. Hogeita hiru urtez azpiko bi lagun behar dira Nazioarteko Federazioak, UCIk, baiezkoa emateko, eta baldintza hori betetzen du aurten Tolosan eta Oñatin Lehendakari Mailako probetan nagusitu zen 21 urteko mutilak. Odriozolaren agindupean jardun du. Zenbait iturriren arabera, «sinatu du kontratua». Barrenetxea bizkaitarrak ere betetzen du baldintza hori.
Egutegia, arazo
Hirugarren mailan ekin eta, babesleen laguntzak ezar dezakeen erritmoaren arabera, etorkizunean gora egingo luke Muriasek. Egutegia da talde kontinentalek Espainian duten arazo nagusietakoa, nagusia ez esateagatik. World Tour mailako probetan (Euskal Herriko Itzulia, Donostiako Klasikoa, Kataluniako Volta eta Espainiako Vuelta) ezin dute parte hartu, lau hitzorduok lehen mailako taldeentzat (Movistar) eta bigarrenekoentzat (Caja Rural) mugatuta daudelako.
Murias taldeak Mallorcako challengean, Andaluziako itzulian, Castilla-Leóngoan, Asturiaskoan eta Burgoskoan, eta egun bakarreko zortzi karreratan baino ezingo du jardun: Murtzia, Almeria, Lizarra, Errioxa, Amorebieta, Espainiako Txapelketa, Ordizia eta Getxo. Horrekin bukatzen da bere gertuko egutegia, 28 egunekoa. Oso txikia. Martxoan, adibidez, bat bera ere ez. Maiatza hasieratik uztaila bukaerara, bi hilabeteko epean, Espainiako txapelketak baino ez.
Portugalen hiruzpalau saio txukun dituzte. Zer esan nahi du horrek? Europara begiratzera derrigortuta daudela. Eta horrek bidaiatan diru gastua esan nahi du, nahiz eta Frantzia gertu izan. Kontinental mailako talde frantziarrek eurentzako moduko nahikoa proba badute. Azken denboraldiotan, Euskaltelen filial bezala hasi zen Euskadik baliatu du hori. Orbea izena zeramanean Jon Odriozola izan zuen buru bi urtez eta badaki nora joaten ziren.