Borrar
Jose Usoz
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

Alaia Martin, txapeldun

Beñat Gaztelumendi buruz burukoan gaindituta, oiartzuarrak lehen txapela jantziko du. Aner Peritz 'Euzkitze'-k eskuratu du 25 urtez azpiko bertsolari onenaren saria

Jon Agirre

Donostia

Larunbata, 14 abendua 2024

Comenta

Alaia Martin Etxebeste (Oiartzun, 1987) nagusitu da Illunben lehiatu den 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean. Gaurkoa laugarren finala zuen eta 2015ean txapeldunorde izan ostean, beste pauso bat eman du. Esan zuen prentsaurrekoan gorputzaldi onarekin zela, entzutera eta elkarrizketan aritzera zetorrela finalera. Lehen ariketatik nabaritu da, ohi bezala gora egin du eta behin buruz buruzkoan ederki aritu da. Martinek 1099,5 puntu pilatu ditu, buruz burukoan izan den Beñat Gaztelumendi, 1054,5. Gainerako sei bertsolariak Oihana Iguaran, 637; Ane Labaka, 626; Aner Peritz 'Euzkitze', 617; Nerea Elustondo, 590; Andoni Rekondo 578,5; eta Eneritz Artetxe 574,5 izan dira. Peritzek, beraz, eskuratu du 25 urtez azpiko bertsolari onenaren saria.

Alai Martin txapeldunaren agurra: «Bihurtu ditzagun lagunak /bizitzaren tenplu / badakitenak zer nori nola / eta non galdetu / entzuten gaituztenak / nahiz ta pixkat logaletu / ta etxe bihurtzen dutenak / edozein ez leku / mendeko hitza bilakatu / den hontan mendeku / disolba dezagun eskuina / ta auzoa ezkertu / egon gaitezen lagunekin / hauskor ta inprefektu / elkarrengandik gertu / elkarrentzat gertu».

Sailkapena

  • 1. Alaia Martin 1099,5

  • 2. Beñat Gaztelumendi 1054,5

  • 3. Oihana Iguaran 637

  • 4. Ane Labaka 626

  • 5. Aner Peritz 'Euzkitze' 617 *25 urtez azpiko bertsolari onena

  • 6. Nerea Elustondo 590

  • 7. Andoni Rekondo 578,5

  • 8. Eneritz Artetxe 574,5.

Oholtzara bost beterano, hiru ahots berri aurkeztu dira. Illunbe bete dute bertsozaleek, zegokiona baino urtebete geroago izateak sua hauspotu du ere. Oholtzan dira zozketak erabakitako hurrenkeran, Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Eneritz Artetxe, Andoni Rekondo, Aner Peritz 'Euzkitze', Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran eta hala eseri dira aulkietan.

Pisua, presioa, gainezka egin... Nahi den bezala esan daiteke. Lehen ariketa ere ezberdina zen, prentsaurrekoan harrabots puntu bat sortu zuena gainera. Hala ere bertsolariek ondo heldu diote, ez da laprastadarik egon eta poliki-poliki motorrak berotzen joan dira. Lehen atalean fin ahots berriak, ofizio handiz bost beteranoak.

Ostean heldu da Martin eta Gaztelumendiren buruz burukoa, 2015eko finaleko berdina. Orduan osatu dituzte hiru lan: Binaka, gaia emanda, zortziko handian, launa bertso; binaka, librean, puntutan, zortziko txikian, zortzi bertso osatu arte; eta ganbara: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Jarraian finaleko kronika atalka:

Euskal Herriko etorkizuna

Bi bertsolarietan lehena Alaia Martin oiartzuarra izango da. Gaurkoa bere laugarren finala du, 2015ean txapeldunorde izan zen. Gaia honakoa da: «Gaur egungo datuek diote biztanleok Euskal Herriarekiko gero eta atxikimendu txikiagoa dugula. Etorkizunari begira jarri zara».

Jarraian, Beñat Gaztelumendi, jardungo txapelduna eta 2015ean hain zuzen Martinekin buruz burukoan nagusitu zena ere. 2007an egin zuen debuta, zuzenean Illunbeko finalera helduta -bertan egin zen lehena-. Ordutik ez du huts egin.

Bi txapeldunorde lehenik, bi txapel ostean. Gaur hautsiko du berdinketa hori. Eta Aitor Mendiluzerekin duena ere haustea bilatuko du, bina txapel baitituzte.

Ti-ta, jolas

Ander Llipus handiak -eskuminak hemendik- aspaldian «puntuka, puntuka» hura biralizatu zuenetik, terminoa ia existitu aurretik, baliteke Illunben gutxitan hainbesteko erritmo eta barreak sortu izana bi betsolariek. Kolpeka aritu dira, dialektikoki, noski

Buruz burukoa

Lehenik umorea

Binaka, gaia emanda, zortziko handian, launa bertso eman beharko dituzte Alaia Martinek eta Beñat Gaztelumendik. Igande arratsaldea izanda, halako bati ekin diote lehen lanean guraso azaletik. Oiartzuarra haurrei partxisean irabazten uztearen zalea da, esan duen bezala «disimuloarekin, ejem», bizitza berez bada eta nahiko gogorra. Añorgarra aldiz, ez, bizitzan «zeroa ere atera daitekeela» ikasi behar dutelako, «bizitzako lehen lubakia edo» den jokoan.

Igandero haserretzen dela eta, umoretik joz, Martinek aurpegiratu dio ez dela soilik igandetan. Eztabaidak onak direla, «ez dela gutxi ikasten». Horregatik «irabaztera ohitura zaude, ta behingoz besteoi utzi» erantsi du -ez ahaztu azken bi txapelak bereak direla-. 'Kolpea' ederki jasota altxa da Gaztelumendi, Martini zein publikoari erantzuna ez dadila «hasi Beñatek galduko» duela eskatzen «ezin diot nik irabazteari utzi / zuek gailendu zaitezte».

Gaira itzuliz, haurren «irripar txikia» aipatu du bikotea konbentzitzeko asmoz. Lortu, lortu... Ez. «Ekin gogor, gogor ekin / inork bekain bat zabaldu arte partxiseko dadoekin» amaitu baitu añorgarrak

Bertsoak, goitik

Amaitu berri ganbara lanak. Zortzi bertsolariak irabazi dute atsedena, hamabost bat minutukoa izango dena. Publikoan baten bati gehiegi iruditu zaio, baina hala esan du Iker Iriarte gai-jartzaileak. Ostean jakingo da zein bi bertsolari igaroko diren buruz burukora eta, beraz, txapelaren bilako azken lehiara.

Bosgarren ariketa: Ganbara Bakarka, gaia emanda, hiruna bertso

Kale ala bale

Ia bi orduko saioa jada, lehen atala amaitzeko azken ariketa izango da Ganbara. Atsedenaldi labur baten ostean, eskertuko zuten ziurrenik, oholtzara banaka igoko dira bertsolariak. Berritasun modura, gaia ez da berdina izango denentzat. Bakoitiek bat, bikoitiek beste bat. Denek, hori, bai, hiruna bertso egin beharko dituzte nahi duten doinu eta neurrian.

Bikoitiak, ikerlari

Zenbaki bikoitia zutenek «ikerlaria zara. Aurkeztu berri duzun ikerketak zeresan handia eman du» izan dute mintzagai. Ganbarako atalean bigarrena, gai honekin lehena izan da jardungo txapelduna Beñat Gaztelumendi.

Soziolinguista azalean jarrita «euskagintza» aztertu ostean, «dabilela dabilela» ikusi du, kaleko erabilerak eta sentipenak beti eskutik ez, hroi bai, isildu gabe: «nahiz ta ikerketa sarri / bilakatzen den orbela / jendaurrean aurkeztu dut / jendea ez da ergela / (...) aurrera joan nahi eta / atzerantza goazela». Bigarren ahapaldian «agintariek ez didatela sinetsi» gehituta beste dimentsio bat eman dio lanari, hirugarrenean biribiltzeko «nola iritsiko garen / ez denez erraz jakiten» abiapuntutik, «marketina» alde batera utzi eta mezu argiarkin amaitzeko: «zirkulo itxi hontatik / azkar behar dugu irten / nahikoa ikertu dugu / has gaitezen eragiten».

Ganbarak tarteka halakoak izaten ditu eta ertz berdinetik heldu dio Eneritz Artetxek.

Ostean heldu da Aner Peritz, harmailan dituen lagun eta jarraitzaileen txalo artean. Irribarrea atera diote, eroso da orain arte zarauztarra. Eta gaia entzutean aurrekoek baino denbora tarte luzeagoa hartu bada ere, arrapaladan bota ditu hiru bertsoak. Antropologo baten azalean, bertsolaritza aztertu du «dena ez delako jakiten» eta txalo zaparrada handienetakoa eraman du bakoitzaren amaieran. Lehenean «ta ondorioak ez dira / erabat eroso irten / gizonek ez dietela / besteei lekurik egiten / orain harritu zarete / baina lehendik zenekiten» izan du amaiera. Bigarrenean sistema izan du mintzagai, barnean zein kanpoan ahots kritikoak daudela -aipamena egin die transfeministei edo Uxue Alberdiren 'Kontrako eztarritik' saiakerari-, eta harrabotsa orain heldu dela kritikatu du: «baina jendea mundua / prentsa egon da aparte / UEUren zigilu bat / ipini diodan arte». Eta hirugarrenarekin biribildu du, gizonek «betetzen duten partzela» izan bada ere, aldatuko delako errealitatea: «isilduak ahoskatzen / segiko dugu horrela». Izan ere: «esaten ez diren asko / ere egiak direla».

Ariketaren gai honekin azkena jarduten eta, beraz ganbarako lanak ixten, Oihana Iguaran izan da. Poliki-poliki josi du bertsoa, entzulearen arreta harrapatzen joanez eta ederki lortu du. Doinuak ere lagundu du, hitzek zuten emozioa areagotu baitu errepikapenik batera. Esatera zetorren Villabonakoa eta indarkeria obstetrikoaren ikerketa ardatz izanda, bota ditu asko. Erizain izan nahi zuela kontatu du, «zaintzak hamargarren / lehentasunean darrai» eta beraz, ikerlari egin zen. Bere lanean ikusi du Osakidetzako «zuloaren adabaki / obstetrizia sailean / bizitza baita bi zati / jaio berria ta ama / hor zaintzeko bi izaki». Ez da beti, aldiz, hala eta gogor salatu du: «ta tratua askotan da / salaketaren estalki / pazienteak behar luke / zer nahi duen erabaki / bere baimena emanez / ez gu bisturiz ebaki (bis) baizik berak erabaki». Langa altu zuela hasi du hirugarrena, baina abileziaz eta mezu indartsuz gainditu du: «datu ta txostenak daude / kaxoitan giltzaz gordeta (bis) / ateraz gero zer gerta / jada kontra atera da / lehenbiziko epaiketa / nazio batzuek ontzat / eman dute salaketa / ta ni adi adi nago / gehiago izango litezke ta (bis) / lehenbiziko salaketa».

Bakoitiak kazetari

Kazetari plantetan jardun dute zenbaki bakoitidunak: «Kazetaria zara. 30 urtez jende asko elkarrizketatu duzun arren, gaur egin duzun elkarrizketaren ostean, oilo-ipurdia jarri zaizu».

Labakak emakumeek erditzean jasaten duten indarkeria izan du mintzagai, barren-barrenetik, prentsaurrekoan esandakoa lortuta. Ez da soilik egon, esan du, konexioa handia lortuta zaleekin. Oholtza baliatu du mezu bat baino gehiago esateko eta heldu dira, komunikazioaren lehen legea ondo betez.

Emozio berez, baina gaiz urrun, heldu dio Alaia Martinek gaiari tortura jasandako pertsona baten kasua ardatz izanda. Hori bai, hasiera eta amaiera ederki lotura, «kazetarion beldurra / da beti orri txuria» esaldiarekin hasi baita, eta amaieran lerroburua jartzeko zalantzekin. Tartean urduritasuna elkarbanatuz «sabel barrenean ere / daukat oilo ipurdia», hitzekiko ardura «hitzak ez dira soilik hitz / sarri dira bisturia» edo ta orain ni hemen nago / erdizka daukat kokotsa / nola transkribatuko dut / bere dardara ahotsa» bezalakoekin islatuz, «iragan mingotsa» ekarri du ilunbera. Ez du xehetasunik ezkutatu «jasan zuen ziegen hotza / eta betiko apurtu / omen zitzaion bihotza / elektrodoak ipini / lepoan estutu poltsa«, kazetaritza egia esatea dela defendatuz. «hemen biktima guztiak / ez dira berdinak izan», amaitu du.

Hirugarrenak, Rekondok, herriko aldizkarian heldu berri diren palestinar batzuei egindako erreportajea izan du mintzagai.

Migrazioa eta etorkinak izan ditu mintzagai Elustondok ere, aurrez landutako pertsonaia berreskuratuta. Gibraltarreko kontrola igarota, izandatako miseriak edo «logela elkarbanatzen du beste familia batekin» bertsoaldiekin haien bizipenak ekarri ditu finalera. Hori bai, autokritikarako eta entzuleka publikoaren aurrean jartzeko tartea ere izan du: «hain sentitu naiz ahula / ta malkoa darigula / sentitu arren ez det pentsatzen / kanbiatzerik sekula / eurak miserian bizi arren / guk lasai lo egingo dugula».

Laugarren ariketa Hamarreko txikia

Elkarrizketarako azken unea

Berriro binaka ariko dira kantuan bertsolariak, gaia emanda, hamarreko txikian, hiruna bertso botata. Ganbarakoaren aurretik azken ariketa izango dute, beraz euren artean elkarrizketan aritzeko azken aukera dute zortzi bertsolariek.

Ariketa abiatu dute musikarien azalean jarrita Ane Labaka eta Alaia Martin. Kartzelan zuzenekoa jotzeko eskaria eginda, kantat behar dutena aurrez ezagutaraztea jarri diete baldintza. Biek askatasuna izan dute mintzagai lehen bertsoaldian. Labakak ezezkoa emango duela argi utzi du; Martinek haritik tiraka «zuri beltzean daude marra hauen gamak, kartzela dirudi gure pentagramak» erantzun dio. Elkarrizketarako aukera ez dute galdu bi bertsolariek, erantzun eta erreferentziak eginda. Izenez deituta ere. Gaiari lotuta, zabaldu dute planteamendua, baina urrutiratu gabe. «Kanta dezagun Ane, elkarri begira / Gora herria eta 'sarri sarri sarri'.

Lankide paperean kantatuko dute Beñat Gaztelumendi zein Eneritz Artetxek, sorpresaz. Iritzi ona zuten lankide baten indarkeria matxistaz akusatua izan baita. «Albistea entzunda barruan ez dena / gizon on artean maiz hauxe da eskema / normaltzat hartzen dugu normala ez dena». Berria «aibala aibala» zabaldu dela erantzun dio Artetxek, «ondo dakigu ez dela normala». Lana uzteko aginduta, ez da nahikoa bere ustez «lehenbizikoa balitz bezala». Harekin izandako harremana, «harekin hartzen genuen kafea pareko tabernan», izan dute biek eta «azkena izateko balioko ahal du» galdera /esperantzarekin itxi du Artetxek.

Irakasle rolean bildu dira Rekondo eta Elustondo. Migrante bat izan dute ikasle hilabetez, orain Europako beste herrialde batera doana. Mamedi izendatu dute, gaia askoz gertukoago eginda. Doinu eta erritmotik egin dute gogor bertsoa, mezuak gehiago helaraziz. Esaterako unean bai, mina suertatzen dutela, baina «ahazten ditugu, joaten direnean» edota «beti da motza gure harrera plana» esaldiekin. Ez dira ezkutatu, ez, kantatzerakoan. Amaitzeko, Rekondo «goxo» jardutera deitu du, «hemen dauden unetan» amestu dezaten gazteek. Denbora «kontran» dutela erantzun dio Elustondok, «gora joan» behar dela konponbidea emateko eta ez dadin luztau. «Migranteekin zerbait egin beharko da».

Arratseko lehen zatiko azken bikotea osatu du Aner Peritz eta Oihana Iguaranek, lagun moduan. «Tren geltokian txartelarekin arazoak izan dituzue. Segurtasuneko agenteen langileengana jo duzue euskaraz eta erantzun dizuete gaztelaniaz hitz egin ezean ezingo dizuetela ezertan lagundu». Trena ez du pasatzen utzi Peritzek, beste behin, esateko. Nabarmentzekoa, hika aritu direla biak, ez baita hain ohikoa. «Lehen ere pasa zaigu zenbait horrelako / euskarafobiari ai ze errelato /eta gu hemen geldi lerda bezalako / euskaraz nahi dinagu hala zor delako / trena joan egingo dun hau konpontzerako». esan du zarauztarrak eta Iguaranek enbidoari eutsi ez, erantzun egin dio: «Erdi huts ez, huts-hutsak, gaitun gu bi baso / euren ikuspegia delako arazo / gazteleraz egin behar egiteko kaso / elkar ukatzen duten aukerak akaso / euskaraz egin edo zerbitzua jaso». Haziz joan da Iguaran ariketan zehar, amaiera biribila emanda, euskaraz ikasterako «AHTa ere helduko da».

Hirugarren ariketa Lehen puntua emanda

Gaiari zukua ateratzea, erronka

Hirugarren ariketan, Iker Iriartek lehen puntua emanda, bakarka aritu dira bertsolariak zortziko txikian ere. Gaia bakoitzarentzat ezberdina izanda -lehiakortasuna, etxebizitza edo itxurakeria-, zukua ateratzea izan dute denek jomuga, zerbait esatea. Fin aritu da Peritz, lasai, prentsaurrekoan esan zuen bezala «esateko» gogoz oholtzaratu da.

Lehiakortasuna izan du mintzagai Labakak, bertsotan ere «kentzen digu osasuna» onartuta, baina aldi berean gaurkoan puntuek ematen dutela «ondasuna». Hori bai, aldaketa posiblerako bidea ikusi duenean ostikoz ireki du «Aldaketa behar da ahaztuta liskarra, bertsolaritzan guk badegu horren beharra». Eta, adibide bezala jarri du Señora Sariketa, publikoaren aldetik babes handia jasoz.

Jarraian Bakardadea egokitu zaio Gaztelumendiri. Bertsolsari bezala maiz egokitzen zaiela-eta, gaurkoa ahalik eta azkarren amaitzeko sesioa izan du ahotan. «Inguruan lagunak nornahik behar ditu». Etxeko lanak Martini, onartuz «bere planetan» izan ohi dela, kaleetan nahiago duela egon eta bera ere «kontraesanetan» erortzen dela. Artetxek buru-osasunari kantatu dio, erantzun gutxi dituela ezkutatu gabe oraindik tabua izanda mahai gainearen garrantzia azpimarratuz. «Eskatzeko [lahuntza] nahi nuke izan kapaza.

Rekondoren gaia kontsumismoa izan da. Gabonen atarian egonda, gizartean ditugun kontraesanak azalarazi ditu: propagandaren eragina, bigarren eskukoa erabiltzeko deia, baina beti berria erostekoa ere. Eta iraungitze data programatua: «nahiz eta dirua ohi zaigun heldu tantaka» ez dugula zalantza egiten erosterakoan.

Peritzek etxebizitza izan du ardatz puntukakoan. Bakoitzak nahi duen tokian bizitzeko ezintasuna «noren errua den ondo begiratu» bota du; legearen harira «zer da ba, orria, papera», betetzen ez denean ere aldarrikatzea proposatu du; eta, azkenik, bi dituztenen kasuan okupatzea propusatu du. «negozioa den bitartean guztiak ez gara egongo bakean». Amaiatu ahala, gradetan dituen zaleek gogoz txalotu dute.

Egoismoa eta «gure zilborrei begira» aritzean, Elustondok maiz seinalatzen duten horiek «dira txarrenak erantzun du.

Azkena izatea egokitu zaio Iguarani, itxurakeriari buruz, eta ariketa aurrez gai izan den Altxa Buruari erreferentzia eginda itxi du

Bigarren ariketa Zortziko txikia

Umorea nagusi

Motorrak berotuta, lehen ariketako zalantzak igarota, zortziko txikiaren txanda. Gaia emanda, hiruna bertso kantatu beharko dituzte binaka. Umorerako tarte gehiago, lehen egon bada ere.

Txapelerako lehian denak, bi faborito nagusiak orain oholtzan zortziko txikian. Entsegu lokala elkarbanatzen dute, bakoitzak antzerki talde batean. Hala, Gaztelumendik beti aurkitzen du hankaz gora Martinen taldeak aurrez erabili badu eta haserre hasi du«garbitzea ez da nire antzerkiko parte». Artista paperean, «sormena librea da, zer egingo zaio» erantzun dio. Añorgarra ez da ezkutatu eta «alfonbra gorria jartzea» nahi duen galdetu dio. Hollywoodeko lokatzak Illunbera ekarrita, «alfonbra morea» jartzeko eskatu dio Martinek. Elkarri begiratze horretan «ez gaituzu asko zaintzen» bota dio. «Zainduko dut aktoreen klana» eta «runba bat erosiko dugu erdibana» itxi du ariketa.

Bikote lanetan aritu dira Artetxe eta Labaka, elkarrekin bizitzera joatean bigarrenaren gurasoei giltza eman zietenak «larrialdi» bat gertatuz gero esku bat botatzeko. Aldiz, edozein unetan bertaratzen dira lehenaren haserrerako. «Intimitatea» jarri zutela baldintza, baina ez dutela betetzen leporatu die Artetxek, «ez al zuten ulertu badaezpada hitza». Bizikidetza «higatzen» ote ari den erantzun dio lasarteoriarrak eta gurasoak harekin ez direla fidatzen mahaigaineratu du. Egun luzearen ostean, lanetik etxeratzean han direla «afaria prestatu balute gutxinez». Erantzutekotan hasi da Labaka, baina noski, han zen aita eta «gero esango dizut» batekin itxi du jarduna.

Finaleko gazte eta beteranoena lagun bezala igo dira oholtza. Peritzek boleto mordoa erosi eta horietako bat oparitu dio Elustondori, tokatu dena. «Ea lagun ona zaren», elkarbanatzera animatuz. Baietz esan dio, noski, «polboroiak» bere direla. Ez da oso konbentzituta geratu zarauztarra, «ondo sartuko ditut ahoan ta eztula egingo dizut aurpegian», erantzun baitio, publikoaren barrerako. Lagunak direla oroitu dio Elustondok eta mesedez, abixa dezala, «aurrez betaurrekoak erantzun ditzadan». Adiskidetasuna amaitutzat eman du Peritzek «laguna zinen zu» eta «gabonen loteria bueltatu zaidazu» errimatuz; ez da kokildu Elustondo «loteria oraintxe tokatu zait niri» aurpegiratuz eman baitio amaiera.

Bigarren ariketan, azkenak, Rekondo eta Iguaran, bazkaltzera joan ohi diren koadrilakideak. Gaurkoan ere, beti bezala, Rekondo kexatu da «lehenik kutxara zikina» eta, aspertura, aurpegiratu dio «ez zara exijentea, zu zara mizkina». Nolabait justifikatu da Rekondo «patata biziek hilak dirudite» erantzunez eta, hurrengo bertsoan, «jakizue Arzak ez da hain ona» bezalakoekin.

Lehen ariketa «Nahi den doinu eta neurrian»

Zalantzak gaindituta

A ataleko lehen ariketak prentsaurrekoan zenbait zalantza sortu zituen bertsolariengan, motorra oraindik berotu gabe «nahi den soinu eta neurrian» kantatu beharko baitute, hori bai, gaia emanda. Zabalegia zela egotzi zuten, eta adostu beharko zutela nola heldu, noraino ireki.

Lehenak Labaka eta Gaztelumendi izan dira, nerabeek mugikorraz egiten duten erabilera ardatz izanda, 'Altxa burua' kanpainaren aldarrikatu bezala ikastetxera heldu baitira. Gurasoak eredu izanda, gonbitea luzatu diete ohiturak aztertu eta aldatzera. Labakak alde kantatu behar izan du, prest; Gaztelumendik ez hainbeste.

Martin eta Artetxeri bikote lanetan jardutea egokitu zaie, ordainketak BEZarekin egin ala ez. Lehenak egiten dituzten gastuak ahal den guztietan beltzeab ordaintzea du helburu «patrika ez dago koherente izateko» eta; bigarrenak onartu dio «etxea justu-justu» aloka dezatekela, baina oroitaraziz gero hori txorakeritan gastatu ohi dutela. Oiartzuarrak horiek «garbigailu bat, txamarra» direla erantzun dio, baina ez du konbentzitu Artetxe «unean merke ordaintzen dena garesti irteten» delako. Konplexuak alde batera uzteko eskatu dio Martinek, «lapur txikiak» direlakoan; etika hori mugara eramanez erantzun du Artetxek. «Tranpa eginez ordaindu nahian janariak zein motorrak» eta horiek direla, gerora, «ezkertiar eta jator» definitzen direnak. Hitz jokoak estimatuak dira zaleen artean eta horiek baliatu ditu Martinek BEZa eta «berorrek beza» erabilita erantzunda. Ez dio erosi Artetxek. Aspertuta azaldu da, kulturan tranpa egiteak ez duela txarrik. «BEZik gabe ordain ditzagun bertsolariak bakarrik».

Lehiako bi gazteenei, bertsoak diteun gauzak, jubilatuen paperetik kantatzea egokitu zaie. Rekondo eta Peritz adiskideak dira, baina eguneroko oso ezberdina dute, lehenak bilobak zaintzen igarotzen baitu eguna, Peritzek minutu bat erez. Zaintza horren lanaren «truke ongarria zait eurek duten txispa»-rekin heldu den bertsoaldia, lan hori aurreko belaunaldiarekin egina duela erantzun dio Peritzek, «beraien ama zaindu nuenean nazkatu nintzen ni». Umoretik jo dute biek, postura kontrajarriek emandako jokua ederki zukututa. Elkarri erantzun diote, gaitik gehiegi urrundu gabe: ilobak polit izan ala ez, txutxeetan gastatzen dutela peentsioa eta Peritzek nahiago duela gintonika Monika baino. Rekondo Peritzenak zaintzeko prest ere agertu da, «pasio» hori lana dela erantzun dio honek. «Lan denetatik hartu det jubilazioa».

Oholtzan orain Elustondo eta Iguaran, suhiltzaile paperean. Entrenamenduak eta lana gutxi ez, lehena ikastaro guztietara apuntatzen da, «mundu gerra etortzen bada ere prestatuta egongo naiz»; bigarrenak soilik beharrezkoak egin ohi ditu. Kritikatik erantzun dio gaiari, tokatzen zaizkien egitekoak beti ez baitira gustukoak: armaz josiriko barkuak bete, desjabetzeak... «Ikasiko det jartzen badira erdigunean pertsonak».

Bero lehen unetik

Finala 17:00etan puntuan hasi da Illunben, gai-jartzaile eta bertsolarien sarrerarekin. Harrera zein, behin oholtzan, bakoitzaren izena txalo zaparradekin jaso da, bertsolari bakoitzak jarraitzaile ugari dituenaren seinale. Ez da babes faltagatik izango.

Ohi den bezala, agurrekin hasi da saioa. Ane Labakak publikoaren babesari kantu egin dio, arrasto uztera datorrela argi utziz; Gaztelumendik harrera egin die zaleei, «zezenketarekin hutsa dagoena bertsoka borborka» dela azpimarratuz eta Donostia asko direla aldarrikatuta; Martinek errima azkarreko bertsoarekin, «konjuruz konjuru», zalantzarik bazegoen «nahi dugun bezala kantatuko dugu» utzi du amaieran; Artetxek bertsozalea ondo pasaraztera datorrela kantatu du, hasteko gogoz; Rekondok lehiak muina jolasa duela mahaigaineratu du eta fantasia lurrina aprobetxatzera animatu ditu kantukideak; Peritz irribarrea ahoan, jostari, «prest» azaldu da «deabruari arima» oparitzeko «sor dadin purpurina»; Elustondok hain bere duen ironiaz azpimarratu du «zezen plazan behiak» nagusi direla kontatu du eta publikoari txaloak eskatu dizkio bertsoen trukean; eta lehen erronda itxi du Iguaranek Bilboko manifestazioa, etxebizitza erdigunean jartzea aldarrikatu duena, izan du mintzagai «hitzak ardatz» izanda «sabairik» gabeko arratsaldea eraikitzeko asmoz.

Finalak bi zati izango ditu. Batetik, A atala deiturikoan: Binaka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, launa bertso; binaka, gaia emanda, zortziko txikian, hiruna bertso; bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian, hiruna bertso; binaka, gaia emanda, hamarreko txikian, hiruna bertso; eta ganbara, bi gairekin: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso. Orotara bertsolari bakoitzak 16na bertso puntuagarri. Ganbarakoa zozketan zenbaki bakoitia ala bikoitia egokitu, horrek zehaztuko du gaia.

Une horretan, puntuazio altuena duten bi bertsolariak buruz burukora pasako dira: Binaka, gaia emanda, zortziko handian, launa bertso; binaka, librean, puntutan, zortziko txikian, zortzi bertso osatu arte; eta ganbara: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso. Beste hamarna bertso.

Amaieran, Arantzazu Loidik jantziko dio irabazleari txapela.

Giroa lehen ordutik

Mugimendua eta giroa askoz ere lehenagotik sortu dute bertsozaleek, ateak 15:30ean ireki direnerako euriari aurre eginda ilara luzeak zirelako. Durangoko Azokan bezala, kulturazaleek erronkari baietz egin diote. Bertsolarien txanda izango da orain: Aner Peritz 'Euzkitze', Ane Labaka, Alaia Martin, Eneritz Artetxe, Andoni Rekondo, Nerea Elustondo, Oihana Iguaran eta jardungo txapelduna, Beñat Gaztelumendi. Añorgarrak garaipena lortuta historia egingo luke, hirugarrenarekin Aitor Mendiluzekin duen berdinketa -bina txapel- hautsiko baitu.

Txanponaren beste aldean izango dira hiru ahots berriak, olatua surfeatu eta iraute hutsaz gain, zerbait eskaintzeko asmoz. «Egon baino, egin», Labakak prentsaurrekoan esan bezala. Horixe esperoko dute Illunben bilduko diren 7.000 bertsozaleek. Pankartaz bete dute aretoa, bakoitzak nor babesten duen adierazteko. Abenduko hotza eta bertan bizi dena gailendu eta arratsalde epela sortzea da denon asmoa.

Zazpi hileko jarduna

Duela bost urte Beñat Gaztelumendik jantzitako txapela helburu abiatu zuten 74 bertsolarik sailkapen fasea apirilean. 'Gipuzkoa bertsotan' izenpean 20 saio egin ziren beste hainbat herritan eta 34 bertsolari sailkatu ziren uda osteko bigarren fasera, irailaren 14an abiatu zena jada 2019tik txartela zuten beste 14 bertsolarirekin.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Alaia Martin, txapeldun

Alaia Martin, txapeldun