Borrar
Xabier Gantzarain, atzo Donostian Pedro Martinez

'Zuloa', gaurko arte plastikoetan sartzeko giltza

Tene Mujika beka baliatuta, Xabier Gantzarainek hogei artistari buruzko saiakera lanak bildu ditu liburu batean

Félix Ibargutxi

Donostia

Asteazkena, 30 maiatza 2018, 11:12

Comenta

Xabier Gantzarainek 'Zuloa' plazaratu du, euskal arte garaikideari buruzko saiakera liburua. Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatutako Tene Mujika sariketako diru-laguntzaren bitartez ondutako emaitza izan da.

Hogeita hiru saiakeraz osatutako liburua da. Guztira hogei artistari buruz dihardu Gantzarainek, jeneralean artista bakoitzaren obra baten gainean jarduten delarik. Baina artelana abiapuntua besterik ez da beste kontu askori ere heltzeko. Artista horietan, edadetuena Jose Luis Zumeta da (Usurbil, 1939), eta honen kasuan 'Gernika' aukeratu du saiogileak.

Lehen kapitulua Ibon Aranberriren 'Zuloa'-ri buruzkoa da, eta hain zuzen liburuaren azalean artelan hori ageri da. Arantzazu aldeko kobazulo baten sarrera burdinazko xafla handi batekin itxi zuen artista itziartarrak orain hamabost urte, zulo bat lagata, saguzarrek sartu eta irteteko modua izan zezaten. «Lan hori oso indartsua da sinbolikoki. Iruditzen zait obra honen bidez Ibonek garai bat itxi zuela. Cromlechen inguruko rollo atabiko eta primitibo hori klausuratu egin zuen». Liburuan, hau dio saiogileak: «Niretzat, Ibon Aranberrik hil zuen Oteiza. erran gabe doa, hiltzea ez da bizirik mantentzeko beste modu bat besterik».

Gantzarainek hasieratik garbi omen zeukan liburuaren azalera artelan hau ekarriko zuela. Berez, Ibon Aranberrik kobazulo barrutik egindako argazkia da portada hori. Saguzarrentzat utzitako zuloa ageri da, eta zuloaz bestaldean kanpoaldeko arbolak. 'After All' arte-aldizkariak ere behin irudi horixe eraman zuen portadara.

Bigarren kapitulua, Txomin Badiolak 2002an Arte Ederren Museoan 2002an egin zuen 'Malas Formas' erakusketari buruz idatzi du. Gantzarain liluratuta atera omen zen handik. Honela hasten da testua: «Goitik behera jausi, mila zatitan puskatu, eta berriro osatu ezin den modernitate hautsi baten anabasa ekartzen du Txomin Badiolak bere lanetan».

Handik aurrera, artista eta artelan hauei buruz dihardu saiogileak: Asier Mendizabal ('Kalero'), Pepo Salazar ('Sarabande'), Itziar Okariz ('Variations sur le même t'aime'), Maria Ruido ('Electroclass'), Saioa Olmo ('Euskadi TM (eta %100 Basque'), Bixente Ameztoi ('Izenbururik gabe'), Ibon Aranberri ('Lemoizko argia'), Mikel Eskauriaza ('Dead Tree'), Jose Luis Zumeta ('Gernika'), J.R. Amondarain ('Tiempo y distancia (Guernica)'), Miriam Isasi ('Escenario simbólico'), Nora Aurrekoetxea eta Laura Ruiz ('Katalepsis'), Mikel Telleria ('The Other Side Of Your Eyes'), Juan Perez Agirregoikoa ('Campeonato de manis'), Juan Aizpitarte ('Agur jaunak'), Itziar Okariz ('Irrintzi'), Asier Mendizabal ('Zer eskatzen du herriak?'), Iratxe Jaio eta Klaas von Gorkum ('Hemendik horra'), Erlea Maneros Zabala ('Sine nomine'), Naia del Castillo ('Espacio doméstico: labores'), Amable Arias ('Historia de Euskalerria').

2012ko Tene Mujika irabazi zuen Azkoitiko idazleak. Hasieran uste baino gehiago luzatu zaio idazketa lana. «Ideia bat badago zabaldua hedabideetan, ni bat ez natorrena. Askok esaten dute arte garaikidea urrun dagoela jendearengandik, beti bere baitara bildua bizi dela, ez daukala zer ikusirik gure bizitzarekin. Joer! Niri ez zait hola iruditzen. Orain lanean ari diren artistak ez dabiltza urruti nik bizi dudanetik», jarraitu zuen Gantzarainek.

Xabier Gantzarain Etxaniz (Azkoitia, 1975) Arte Ederretan lizentziaduna da. Euskara irakasle, tabernari, zutabegile, 'Sautrela' telesaioko gidoilari, irrati kolaboratzaile eta arte kritiko lanean jardun izan du. Van Gogh pintorearen eta Epelde trikitilariaren biografia banaren egilea da. Kalostra arte eskolaren koordina-tzailea izan zen eta orain Azpeitiko Dinamoa sorgintza gunea martxan jartzeko egiten du lan.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco 'Zuloa', gaurko arte plastikoetan sartzeko giltza

'Zuloa', gaurko arte plastikoetan sartzeko giltza