Zortzi pertsonak partekatuko dute Bertsozale Elkarteko lehendakaritza
Talde lanean oinarritutako eredu berria onartu du Elkarteak Iruñean egindako Batzar Nagusian
Igandea, 11 martxoa 2018, 12:17
Iruñeko Kondestablearen Jauregian egindako Batzar Nagusian gauzatu da Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak iragarrita zeukan sakoneko aldaketa, talde lanean oinarritutako lehendakaritza eredu berria ezarrita. Aurrerantzean, zortzi pertsonak partekatuko dituzte azken urteetan Iñaki Muruak lehendakariak eta Xabier Gaztelumendi idazkariak euren gain hartu dituzten egitekoak. .
"Belaunaldi ezberdinetako bertsolariez inguratuta eta ohorezko bazkide izendatuta" agurtu dira biak Batzar Nagusian, Bertsozale Elkarteak ekitaldiaren berri emateko zabaldu duen oharraren arabera. "2002an hasi zen Xabier Gaztelumendi Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko zuzendaritza taldean borondatezko lanean, isilpeko lan horretan ekarpen bikaina eginez. Bestetik, Iñaki Murua elkartearen sorreratik bertatik aritu da lanean eta 2005ean hartu zuen lehendakari kargua, Imanol Lazkanoren eskutik. Elkartearen garapenerako, proiektuaren gizarteratzerako zein erakundeekin izandako harremanetarako giltzarri izan da bere jarduera. Bertsolaritzaren egungo aniztasunarekin bat etorri eta ikuspegi ugariko lehendakaritza modua eskaini asmoz, talde arduran erantzungo zaio aurrerantzean orain arte Iñaki Muruak eta Xabier Gaztelumendik betetako funtzioei. Hala, elkartean ohikoa den elkarlan eta ardurak banatzeko dinamikan, beste urrats bat da honakoa", nabarmendu dute.
Aurrerantzean, hortaz, Lehendakaritzari dagozkion betebeharrei Arrate Illaro, Beñat Gaztelumendi, Eneritz Zabaleta, Igor Elortza, Josu Goikoetxea, Maialen Lujanbio, Miren Artetxe eta Xabi Igoak osatzen dute taldeak erantzungo die.
Bertsolaritza munduko kide erreferenteak dira guztiak, profil anitzekoak: Eneritz Zabaleta, Igor Elortza, Josu Goikoetxea, Maialen Lujanbio, Miren Artetxe eta Xabi Igoarekin batera, lehendik ere zuzendaritza kide ziren Arrate Illaro eta Beñat Gaztelumendi izango dira lantalde berrian. "Iaz, Bertsozale Elkartearen baitan lehendakaritza ereduari buruz egindako gogoeta prozesuan hautatutako kideak dira", zehaztu dute oharrean.
Talde hau Bertsozale Elkarteak gaur arte izan duen zuzendaritzara batuko da, eta "sailetako arduradunekin, Lankuko zuzendariarekin eta lurraldeetako elkarteetako lehendakariekin batera partekatuko dute Bertsozale Elkartearen gidaritza".
2017an 30 urte bete dituen Bertsozale Elkarteak "bide emankorra izan du urteotan eta 2017a Txapelketa Nagusiak ardaztu badu ere, neurri eta gisa ezberdineko egitasmo ugari gauzatu dira. Horiek guztiak laburbilduz, 2017ko memoria eta balantze ekonomikoa zein 2018ko egitasmoa eta aurrekontua zehaztu dira".
2018an ildo beretik jarraitzeko asmoa dute eta, "2006an 2018 urte bitarteko bide orria marraztu" zuten moduan, aurtengo udazkenean, barne gogoeta estrategikoa egingo da "Bertsozale Elkartearen etorkizunerako ildoak markatzeko".