Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Urte asko daramatza Xabier Erkizia soinu-ehiztariak hotsei ertzak eta zentzu ezkutuak bilatu eta gordean dakarten guztia azalera-tzen, begia enpo asetzeko dugun joerari arreta gutxiago jarri, eta belarritik sartzen zaigunari gehiago errepara diezaiogun. Zea Maysen kantuak dioen moduan, «belarriekin ikusteko begiek entzuten ez dutena».

Nola deskribatu 'O gemer'? Idi-gurdiei buruzko film bat? Idi-gurdien hotsa ere, katamotz iberiarra bezala, iraungitze bidean den espeziea dela irudikatzen duen artelana? Bost mila urtez gurekin izan den garraiobide horri eskainitako dokupoema? Filmak bidaiekin erkatu ohi dira, baina hau ez da bidaia bat, murgilaldi bat baizik. Tamara García Iglesiasen muntaia eta argazkia lagun, oso gertuko planoekin hasten da 'O gemer', abstrakzioaren mugan: idiaren begia, apatxak, giharretako dardarak, animalien buru dotoreak... Idien bizkarretan Kilimanjaro eta Fuji mendien soslaiak irudikatu uste ditugu, silueta gautiarrak, giro teluriko urrunak; Grezia zaharreko usainak, are. Lokailu, soka, uhal, kate, makila, uztarri eta gainerako tresneriaz ez mintzatzearren. Giza presentzia, aldiz, lausoa eta bigarren mailakoa da, bidean diren itzain brasildarren zatian izan ezik, non idi-western kutsua hartzen duen filmak. Erkiziak danborraren larrua tenkatzen den gisan tenkatu du irudia, korapilo, tira eta lasa, Ponpeiatik gaur eguneraino datorren arrastoari segika. Udazkenean hostoek betetako zulo horiek duela milaka urteko gurdiek harrian lagatako zauriak direla ikusteak estonatuta uzten gaitu. Baita idi-gurdietako gurpil eta ardatz, musika tresnak bezala, afinatu egin daitezkeela deskubritzeak ere. Bai ote? Etxe bakoitzak urrundik ezagutu ahalko ei zuen horrela bere gurdiaren hotsa, denak ezberdin «afinatzen» zituztenez. Kontuz ibili behar, ordea: arda-tza gehiegi estutuz gero apurtu egin daiteke, edo suak har dezake. Trafikoaren zarata gorroto duzula? Idi-gurdien kirrinka ezagutzen ez duzun seinale.

Denboraren makina asmatuta dago: intziri egiten duen idi-gurdi bat da.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios