(Edo: 'Piromania II'). Ba-tzuetan gertatzen da, film bat amaitzen den lekuan segitzen duela hurrengoak, programatzaileek edo zoriak Zinemaldiko film guztiak josita metafilm erraldoi bakar bat egin nahi izan balute bezala. Balirudike 'Il pleuvait des oiseaux' filmeko baso kanadarreko suak eta 'O que arde' durduzagarriko baso galiziarrak pospolo berak piztu dituela. Leonard Cohenen 'Bird on the Wire' kantua sentitu dugu Quebeceko basoetan eta 'Suzanne' gogoangarria Lugoko paraje umeletan. Ahaztezina da Cohenen ahotsa entzun ahala erakusten zaigun behiaren lehen planoa, zuzendariak beste bi minutuz luzatu izan balu ere berdin-berdin kateatuko gintuzkeena. Filma baino areago, pendulu hipnotikoa baita Oliver Laxerena, lehen segundotik harrapatu eta askatzen ez gaituena. Bere geldoan, klasiko baten arnasa dario, zerbait oso berria eta, aldi berean, oso zaharra, telurikoa kasik. Baldintzapean espetxetik kalera atera den piromano heldua amaren baserrira itzuli da («Bolada bat pasatuko dut hemen»). Ez dut uste gidoiko elkarrizketek folio dozena gaindituko dutenik. Ezta behar ere. Behe-lainoak ere hitz egiten du hemen. Ke hodei mardulek. Eukaliptoek eta lurrak berak. Amaren ibilera harrigarriro arinak. Hainbeste esan lezake ekonomikan erretzen den ogi puska soil batek, ogi-xigortzailea piromanoa dela dakizunean… Infusioa prestatu dio semeak amari, baina garratza begitandu zaio: 'Bota al diozu eztia?'; 'Bi koilarakada'; 'Garratza dago, ba'; 'Miazkatu koilara, ama'. Amaiera berriz, perfektua baino zerbait gehiago da. Surik gabe ere kiskaltzen gaitu filmak, egiaz; zuhaitz, zeru eta hodei parabrisaren gainera etengabe isurtzen direnean, konbustioaren erdian sentitzen dugu protagonista, naturaren elementuek birtualki errea. Poetikotasuna eta indar narratiboa, oreka perfektuan biak, elkarrengandik ezin bereiz.
Patuak menperatutako pertsonaien filma da hau. Baso erdian abandonatu gaitu zuzendariak eta guk gauza bakarra egin genezake: kiskaltzen ari den arbola solidario sentitu, kiskaltzen ari diren beste arbolaz inguratuta.
Más Zinemaldia
- 'Txepe' Lara: «Egin dudan lanaz oso harro nago»
- «Hay quien viene con pareos para reservar cuatro o cinco asientos»
- Torres Leiva: «En la película trato de huir de algo más narrativo y formal»
- María Valverde: «Quiero experimentar y hacer más trabajos con mi marido»
- Darren Aronofsky apadrina 'Pacificado', un filme rodado en una favela brasileña
- La alfombra roja. Llega Bardem y el 'Joker' se presta a las sorpresas
- Filmar y montar rápido porque mueren a diario
- 'Joker', reciente ganadora del León de Oro de Venecia, película sorpresa de la 67 edición
- La argentina Romina Paula, un fresco y sorprendente debut en San Sebastián
- El diablo y la señora Kirchner, por Alberto Moyano
- Houellebecq y Etxebeste en la misma frase, por Mitxel Ezquiaga
- Fotografías de personas anónimas, por Mikel G. Gurpegui
- Malkovich, Malkovich, Malkovich, por Ainhoa Iglesias
- ¿Cuánto sabes del Festival de Cine de San Sebastián?
-